Joseba Irazoki Irunen izango da. / Irungo Udala

Ostiral honetan, 2021eko lehen hiruhilekoko kultur programazioaren berri eman du Kultura Arloak, Tokiko Gobernu Batzarrak joan den urteko azken astean onartu zuen hasierako jarduera zerrenda bat.

«Pentsatzekoa denez, egungo osasun egoeraren mende dago agenda. Orain arte bezala, segurtasun neurri guztiak hartuta antolatuko dira ikuskizunak, eta unean uneko egoeraren arabera eramango da aurrera ekitaldi bakoitza. Edonola ere, kulturak Irunen zutik jarraitzea nahi dugu, eta kalitateko programazioa eskaintzen segitu, bertako artisten talentua kontuan izanik betiere, orain arte bezala», nabarmendu du ordezkariak.

Ildo horretatik, Juncal Eizaguirrek baieztatu duenez, inguruko artistek parte hartuko duten ekitaldi guztiek Kultura km 0 etiketa eramango dute. «Orain arte, ohikoa zen hiriko profesionalekin lan egitea, baina ikusgaitasun handiagoa eman nahi diogu kolektiboari, eta marka hau sortu dugu, joan den urtearen bukaeran martxan jarri genuen programaren ildotik, une zail hauetan sektorea babesteko».

Amaia Kultur Zentroa izango da programazioaren egoitza nagusietako bat, segurtasun distantzia bermatze aldera edukiera murriztuta. Urte hasieratik, Eguberrietako kanpainaren barruan garrantzi handia duten hitzorduak antolatu dira auditoriumean, hala nola Luis Mariano Lirika Elkartearen Urteberri eguneko kontzertua eta, ostiral honetan bertan, Txabi Franquesa bakarrizketariaren emanaldia, umorearekiko urte hasiera bakoitzeko hitzordua. Gainera, ostegun honetan, hilak 7, Beste Bat! musika zikloa Irunen izan da, Alos Quartet taldearen ikuskizunarekin. Musika, antzerkia eta zinea izango dira datozen egunetako kultur agendaren ildo nagusiak.

Musika

Alor honetan, aipatzekoa da Ricardo Requejo ganbera zikloa. Programaren laugarren edizioa da aurtengoa, eta Kamerata Oiassok emango dio hasiera, Mikel Zunzundegui txelo jotzailearekin, urtarrilaren 17an. Bere garaian, Udalak jarri zuen zikloa martxan, ekimena sustatu zuten hainbat artistarekin batera, proiektuaren alma mater Ricardo Requejo irundar pianistaren omenez, zeinak Irungo Urrezko Domina jaso zuen eta 2018 bukaeran hil zen. Hilabete batzuk iraungo du programak, eta emanaldien protagonistak musika hirian ikasten hasi ziren eta orain nazioarteko orkestretan lan egiten duten edo Irundik kanpoko ikastegietan irakasle diharduten irundar eta hondarribiarrak izango dira beti. Horrela, orain arte baieztatu denez, otsailaren 21ean, Iñaki Diéguez irundar akordeoilaria arituko da, eta, martxoaren 14an, saxo eta piano kontzertu bat izango da, Iker Martín eta Belén Sierraren eskutik.

Aurreikusten diren gainontzeko emanaldien artean, bada EIA trío hirukoteak urtarrilaren 22an Oiasso Erromatar Museoan emango duen kontzertu bat: taldea eratzen duten musikariek, Esther Sánchezek, Itziar Navarrok eta Isabel Martínek, askotariko eskarmentua dute, eta beren errepertorioa a cappella abesten dute gehienbat, Iberiar penintsulako musika herrikoien inguruko landa lanetan oinarrituz eta, aldi berean, konposizioari eta beren moldaketei bide emanez. Hurrengo egunean, hilak 23, Joseba Irazoki izango da Amaia KZn, «Joseba Irazoki eta lagunak + Pelo Momo» ikuskizunarekin, Bloody Mary dendaren 30. urteurrenaren esparruan. Otsailean, berriz, 18an, Ruper Ordorika kantautorea etorriko da Irunera, eta, 28an, Olatz Salvador donostiarra, bere taldearekin.

Antzerkia eta dantza

Antzerki denboraldia urtarrilaren 16an hasiko da, Intocables obrarekin, Ados Teatroaren eskutik, eta, urtarrilaren 30ean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots izango dira Amaia KZko auditoriumean, euskaraz, Amaren intxaurrak ikuskizunarekin. Otsailean, berriz, Yllana konpainiak Maestrissimo obra aurkeztuko du, ganbera kontzertuaren eta komedia satirikoaren arteko erdibideko ikuskizun bat; 20an, Marie de Jong konpainiak Ikimilikiliklik lana ekarriko du Amaiara, euskaraz; eta, 25ean, Tanttaka Taldeak Utzi mezua seinalearen ondoren obra emango du.

Bestalde, dantzaren alorrean, martxoaren 6an, Dantzaz Konpainiak «BAT: tres piezas» lana emango du, Amaia KZn, eta, 27an, Adaxka Dantza Taldea arituko da. Azkenik, martxoaren 13an, antzerkia izango da berriro: Oymyakon. Habitación 101 obra.

DokuIrun

Zinearen alorrean, DokuIrun izango da protagonista, Amaia Kultur Zentroan ematen den dokumental zikloa. Emanaldien aurretik, aukeratzen diren filmen protagonisten aurkezpenak izaten dira beti, eta, edizio honetarako, zeina bigarrena izango den, bi egun eta dokumental zehaztu dira: urtarrilaren 15erako, 2 urte, 4 hilabete eta egun bat, eta, urtarrilaren 29rako, El Drogas.

Bestalde, «Zure abenturaren bila» zikloak, zeina hitzaldi aretoan egiten diren formatu txikiko saioek osatzen duten, 2021ean ere mundu osoko bidaia eta esperientzia bereziei buruzko emanaldiak ekarriko ditu, protagonistek aurkeztuta.