Jose Cayetano Diez, Jokin Melida eta Dani Berasategi. / Irungo EH Bildu

Udal gobernuak kreditu aldaketa sei hilabeteko atzerapenarekin aurkeztu duela leporatzen dio EH Bilduk Ogasun zinegotziari. “Sei hilabeteko atzerapenaz ari gara, izan ere, apirilerako aurkeztu behar zuen. Maiatzean, talde politikoek lehen harremanak izan genituen gobernuarekin. Harreman horietan, gobernuak ezin izan zuen bere proposamenen aldeko gehiengorik ziurtatu, eta erantzukizunez jokatu eta herriaren beharrei erantzun ordez, nahiago izan zuen hiru milioi euro kajoi batean sartu eta hilabeteetan zehar bertan gordeta uztea, gehiengoak lortzeko duen gaitasun eza agerian utziz”, diote EH Bildutik.

“Aurkeztutako proposamena egunerokotasuna kudeatzera mugatzen da. Izan ere, zatirik handiena aurrekontu orokorrak jaso beharko zituena jasotzen du. Puntu honetan gobernuaren kudeatzeko gaitasun eza nabarmendu nahi dugu. Egunerokotasuna kudeatzera mugatzeak ideia eta proiektu berrien gabezia agerian uzten du. Honez gain, ez die herritarren beharrei erantzuten”.

“Irungo EH Bildutik, gobernatzeko era eta herri eredu berri baten aldeko apustua berretsi nahi dugu. Hau jorratzen dugun bitartean, gure proposamenak egingo ditugu, eta horretarako ezberdinen arteko adostasunak bilatzeko asmoa adierazi nahi dugu”.