Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkate eta Arma Plaza Fundazioa Patronatoko presidentea. / Arma Plaza

2019 urtean zehar Arma Plaza Fundazioaren jardunaren balorazio positiboa egin behar da. Guztira 65.549 bisitari jaso baitzituzten antolatutako erakusketa, hitzaldi eta ikusentzunezko proiektu ezberdinek. Iazko ibilbidearen balorazioa egiteko eta aurtengo proiektuen berri emateko agerraldia egin du Txomin Sagarzazuk, Hondarribiko alkate eta Arma Plaza Fundazioa Patronatoko presidenteak.

“Oso balorazio positiboa egin beharrean gaude 2019 urtearekiko. Datuez gain, aipatu nahiko nuke giro politikoak hobera egin duela. Alderdi guztietako ordezkariak daude Patronatoan, eta hori oso berri ona dela uste dut”, dio Sagarzazuk.

“Guztira 17 erakusketa antolatu dira urtean zehar. Bertako Artisauen produktuen salmentak ere gora egin dute, batez ere “Hondarribia, ñabarduren hiria”, ‘KAPEN karta jokoak’ eta ‘Hondarribiko Hatxeruak’ liburuen salmentak bultzatua” .

“Aipatu nahiko nuke era berean 87 artisau edo artistekin lan egiten dugula, eta horietatik 54 bertakoak direla. Beren produktuak bertan saltzen ditugu eta emaitza onak ditugula esango nuke”.

“Arma Plazatik egiten diren bisita gidatuetan 16.122 pertsonek parte hartu dute, eta Tren Berde Panoramikoan 6.529 pertsona igo dira. ‘Ezagutu zure Hiria’ programak jadanik ohikoa duen arrakastarekin jarraitu du, 600 partehartzailerekin. Oso datu positiboak dira eta bide beretik jarraitu behar dugula esaten digute”.

2020an proiektu interesgarriak

“2020 urte honetarako prestatu ditugun erakusketa eta aktibitateak era askotakoak izango dira eta bisita gidatuekin jarraituko dugu”.

“Mariñel ontziarekin mantenimenduarekin jarraituko dugu, barkuaren mantentze lanen hirugarren leihaketa publikoa deituz, baita arrantzaren inguruko testigantzak jasotzen ere. Urterokoak diren proiektuekin jarraitzeaz gain, beste zenbait berritasun izango ditugu, adibidez Enrike Lekuonaren ‘Itsasoa, ondarea eta euskara’ beka abian jartzea.

“Hondarribiko Historiaren Lagunen Elkartearen maketa erabiliaz harresien dibulgazioan lan egingo dugu, eta Hondarribian dauden ‘bunker’-en ikerketa eta ibilbide batzuk egiteko asmotan gara”, dio Sagarzazuk.

“Duela gutxi zendu den Constantino Virto Fundazioaren laguntzaileari omenaldi bat egingo dugu, eta iaz Hatxeroekin egin moduan, aurten 100 urte betetzen dituen Danborradarekin lanketa burutuko dugu, besteak beste”.