Maria Serrano (e) eta Valentin Gonzalez. / Txingudiko Zerbitzuak

Hondarribia, 2019ko irailaren 4ean. Hondarribiko garbiketa zerbitzuak prest daude datozen jai egunei aurre egiteko. Ohikoa den bezala, egun hauetan zehar giza baliabide eta baliabide teknikoak handitu egingo dira jai garbi eta jasangarriak lortzeko. Hondarribiko Udala, Txingudi Zerbitzuak eta Bentako txosnen antolatzaileek euren indarrak batu egingo dituzte aurreko urteetako joera mantentzeko eta geroz eta jai garbiagoak eta jasangarriagoak lortzeko.

Ohiko hiri garbiketa zerbitzuaz gain, hondakin kopurua murrizteko eta birziklapena errazteko neurriak hartuko dira, besteak beste, aurten gaikako bilketa egiteko puntuak handitu egin dira, hamaika puntutik hamabost izatera pasa dira honako kokapenetan; sei San Pedro kalean, bi Butron ibilbidean, beste bi Arma Plazan, bi barraken zonaldean, bi Kasino Zaharrean eta azkeneko bat harresian. Irailaren 5etik aurrea martxan egongo dira honako puntuak eta egunean bitan hustuko dira.

Bentako txosnak

Bentako txosnak festetako kokapen nagusienetako bat izaten jarraitzen du. Aurten, txosna kopuruak gora egin du eta ondorioz banatuko diren edalontzi berrerabilgarrien kopuruak ere. Aurreko urtean bezala, “ONDO PASA! Festa garbi on bat opa dizuegu” leloa duten 3.456 edalontzi banatuko zaizkio txozna bakoitzari, beraz guztira, 20.736 edalontzi banatuko dira. Maria Serranok, Herritarrekin Harremanetarako zinegotziak, gogorarazi du “aurreko urtean edalontzi berrerabilgarrien erabilera asko hobetu zen, banatu ziren 13.824 edalontzietatik 11.124 erabili ziren. Aurten ere norabide berdinean aurrerapausuak ematen jarraitu nahi dugu eta horretarako txosnen arduradunei eta herritarrei laguntza eskatu nahi diegu”.

Edalontzien erabilera aurreko urteetan bezala izango da, txosnetan eskuratuko dira 1 euroren truke eta gaua edo festak amaitzerakoan, edalontzia bueltatzen denean, euro hori bueltatuko zaio erabiltzailerari. Bestalde, behin festak amaitzen direnean Txingudiko Zerbitzuek berrerabili daitezkeen edalontziak jaso eta enpresa espezializatu batera eramango ditu garbitu eta beste ekitaldietarako prest egon daitezen.

Jende gehien dabilen zonaldetako planifikazioa

Gaikako bilketa puntuak handitzeaz gain, lantaldea ere egunero indartuko da batezbesteko 12 pertsonekin, honela egun erabakigarrietan garbiketa zerbitzuak 30 pertsona izatera irits daiteke.

Valentin Gonzalezek, Txingudiko Zerbitzuetako hondakin eta kale garbiketa arduradunak adierazi du, “irailaren bostetik aurrera, kale garbiketa martxan jarri aurretik, brigada bereziek, lehen orduan, lurretik jasoko dituzte ontzi eta beirak horiek birziklatu ahal izateko. Neurri hau oso eraginkorra dela ikusi dugu, aurreko urteko jaietan 1.540 kg. jaso ziren”.

La Marinako edukiontziak maiztasun handiagoarekin hustuko dira; errefuxa eta papera egunean hiru aldiz, ontziak egunean behin eta organikoa astean hirutan. Bestalde, Ecovidriorekin, beira igluen bilketaz arduratzen den enpresarekin, hustuketa maiztasun handiagoarekin egitea ere hitzartu da eta egunero hustuko dira, irailaren zortzian izan ezik.

Aipatzekoa da jaietako garbiketa zerbitzu bereziak helburu honetara bideratzen den aurrekontua %58an areagotzea suposatzen duela, hau da, ohiko egunetan eguneko aurrekontua 2.524 eurokoa bada, jaietan zehar 1.477 eurotan handitzen da aurrekontua egunero.

Azkenik, udalak eta Txingudiko Zerbitzuakek gogorarazi nahi dute aipatutako neurriak benetan eraginkorrak izan daitezen berebiziko garrantzia duela jaietan ere praktika egokiak mantentzea eta murriztu, berrerabili eta birkiklatzen jarraitzea.