Udala eta EMEKI Elkartean lankidetzan ari dira herriko kale izendegian emakume izenak eta tematikak ugaritzeko. / Hondarribiko Udala

Hondarribiko kaleetan beste bi emakumeren izen gehiago egongo dira. Biharko Osoko Bilkuran bozkatuko dira eta horren berri emateko prentsaurrekoa egin da gaur goizez Denda kalean. Han izan dira Gotzone Larrarte Udaleko Berdintasun zinegotzia, EMEKI Elkarteko zenbait ordezkari, baita Juan Pablo Gonzalez Genua ere, Agustiña Genua zenaren semea.

Gotzone Larrarte zinegotziak azaldu duenez, “Hondarribiko kale izendegian emakumeen izenak ugaritzea da gure helburuetako bat. Hortarako, EMEKI Emakume Elkartearekin lankidetzan ari gara duela denbora bat. Lankidetza hori oso giro egokian ari da eta emaitza argiak ematen ari da. Duela aste batzuk Martxoak 8 plaza izendatu eta inauguratu egin genuen, eta oraingoan, beste bi plazatxori izena eman nahi diogu, biharko Osoko Bilkuran onartu eta gero”.

“EMEKI Elkartetik proposamen gehiago baditugu, baina oraingoan, plaza hauen inguruetan dauden kaleetako bizilagunei eraginik egiten ez dienak aipatuko ditugu, kale eta portalen zenbakietan inolako eraginik izango ez dutelako. Hala, Denda kalean dagoen plaza ‘Agustiña Genua plaza’ izatea nahi dugu, baita kale berean aurrerago dagoen inguruari ‘Petra Laborda plaza’ ere. Gainontzeko proposamenekin datozen asteetan egingo dugu aurrera”.

“Kale izendegian emakumeen izenak edo tematikak agertzea garrantzitsua dela uste dugu, eta lan hortan jarraituko dugu EMEKI Elkartearekin. Eskerrak eman nahi dizkiet berriz egiten ari diren lanagatik” gehitu du Larrarte zinegotziak.

Familiaren eskerrak

Juan Pablo Gonzalez Genuak familiaren izenean “eskerrak” eman ditu. “Urte askoan hemen aritu gara aurrera eta atzera, ama ia azken egunerarte hemen egon zen lanean baserriko barazkiak ekartzen, eta ilusioa egiten digu plaza honek bere izena eramatea”.

EMEKI Elkarteko Tzane Carrillok ere “poza” adierazi du. “Udalari egindako proposamenak aurrera doaz eta lan honek bere garrantzia duela uste dugu. 2005ean EMEKItik Agustiña Genua gogoratu genuen, gero Alde Zaharreko bizilagunek 2016an omenaldi ederra egin zioten eta plaka bat jarri ere inguruan. Orain ofizialki izango da, bai hau baita kale bereko ‘Petra Laborda’ ere, eta bide horretatik lanean jarraitu behar dugula uste dugu”.