Zauritutako mendizalea, 23 urteko gaztea, helikopteroan erreskatatu eta jaso dute. / Euskadiko Suhiltzaileak

Aiako Harrian erori eta sorbaldan zauritutako mendizale bat erreskatatu dute gaur arratsaldeko lehenengo orduan suhiltzaileek eta Ertzaintzak. Zauritua istripua izan duen lekutik mugitzeko zailtasunen ondorioz, Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateak eta helikopteroak esku hartu behar izan dute.

Zauritutako mendizalearekin harremanetan 12:30etan jarri dira eta Aiako Harriko bigarren eta hirugarren tontorren artean zegoela jakinarazi du, ezkerreko sorbaldan min hartuta. Mendizalea bakarrik igo da Irundik. SOS Deiak zerbitzuak suhiltzaileak eta Ertzaintzako patruila bat mugitu ditu bertara eta Eusko Jaurlaritzako larrialdietako teknikari batek helikoptero bat eta Zaintza eta Erreskate Unitateko agenteak. Zauritutako mendizalea, 23 urteko gaztea, helikopteroan erreskatatu eta jaso dute, eta lehenengo Hondarribiako aireportura eta handik Bidasoako ospitalera eraman dute.