Udal gobernua auzotarrekin bildu zen. / Hondarribiko Udala

Amute-Kostako bizilagunekin elkartu zen atzo Hondarribiko udaleko gobernu taldea auzo elkartearen egoitzan. Ia ordu t’erdi iraun zuen bileran, pasa den astelehenean Mendelun egin zen bezala, 2017ko aurrekontuak eta udal gobernu taldearen legealdiko agintaldi plana azaldu ostean, auzorako dauden egitasmoak azaldu ziren, baita bizilagunen kexa eta iradokizunak entzun ere.

Txomin Sagarzazuk esan zuenez, “aurrekoan bezala, agintaldi plana eta aurrekontuak azaldu ondoren, arreta berezia jarri genuen auzotarrentzat eta Hondarribiarentzat oso garrantzitsuak diren zenbait proiektuetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak irailean hasiko duen Amuteko biribilguneko obra, jarraian egingo duen Jaitzubitik Amuterako bidegorriaren lanak eta aireportuko errepidearen etorkizuna hain zuzen ere”.

“Amuteko biribilgunea datorren urterako egongo da eta 700.000 euroko aurrekontua dauka; esandako bidegorriak aldiz 1,3 milioi eurokoa. 1,4 kilometroko luzera izango du eta hiriko bidegorrien sarea osatzeko egokia izango da. Oinezkoentzako bidea izango du ere”, esan zuen Sagarzazuk. “Udaletik bi proiektuen lanak ahal den neurrian denboran bat egitea eskatu diegu”.

“Bizilagunen kezka nagusienak aipatutako proiektu hauen inguruan izan ziren. Hortaz gain, udalari egiten zaizkion idatzi edo galderak ez direla erantzuten gaineratu zuten eta zentzu horretan komunikazioa hobetu behar dugula argi dago”.

Hurrengo hitzordua otsailaren 13an izango da, Alde Zaharreko Kultur Etxean.