Carrion, Sagarzazu eta Eraso. / Hondarribiko Udala

Euskal Herriko Itzulia Hondarribian izango da bi egunez. Apirilaren 8an gure herrira iritsiko da Gasteiztik, eta 9an irteera puntua izango da Ondarrun amaituko den etaparako. Aurkezpen ofiziala gaur burutu da Udaletxeko Areto Nagusian, eta han izan dira Txomin Sagarzazu alkatea, Gonzalo Carrion Zerbitzuetako zinegotzia, eta Julian Eraso, Itzuliko zuzendaria.

“Eskerrak eman nahi dizkiot Itzuliari Hondarribia hautatzeagatik. Guretzat aukera paregabea da, nahiz eta argi esan nahi dudan COVID-19ak baldintzatutako edizio bat izango den. Gure herritarrentzat aukera ona da, baina ahal den neurrian etxeetatik, balkoietatik ikustea gomendatzen da, unean-uneko osasun neurriak errespetatu behar ditugu eta”, esan du Txomin Sagarzazu alkateak.

“Itzuliak maila handia duela argi dago, World Tour-en barnean dago eta horrek asko esaten du. Gure herrian kirol asko egiten dira. Batzuk hegemonikoak dira besteak ez hainbeste, baina Udaletik argi dugu kirolaren sustapenaren alde egiten dugula. Zentzu horretan doa gure lankidetza Euskal Herriko Itzuliarekin”.

Gonzalo Carrionek esan duenez, “saiatu gara Itzuliak ahalik eta Hondarribiko kale edo gune gehien zeharkatzea, herri denak goza dezan. Badakigu molestiak ere sortuko dituela, eta komunikazio kanpaina bat abian jarriko dugu hiritar denak ongi informatuak egon daitezen. Datozen egunetan www.hondarribia.eus gunean trafiko aldetik sortuko diren aldaketa guztien berri emango dugu, eta bizilagun, dendari eta ostalaritzako saltoki guztietan informazio interesgarria helaraziko diegu”.

Etapa luzeena

Julian Eraso Itzuliko zuzendariak gehitu duenez, “iazko Itzulia bertan behera utzi behar izan genuenean, pentsatu genuen gutxienez hurrengo urterako lanak eginak genituela. Halere, bi helmuga bertan behera geratu zaizkigu, Ibardin eta Errenteria hain zuzen ere. Helmuga posibleak bilatzen ari ginenean, Hondarribia atera zitzaigun, eta guretzat argia ikustea bezala izan zen. Eskerrak eman nahi dizkiot Udalari, guretzat oso garrantzitsua izan baita”.

“Osteguneko etapa, Gasteiztik atera eta Hondarribira iritsiko dena, Itzuliko luzeena izango da, 200 kilometrotik gora. Ostiralekoa aldiz, hondartza inguruko gune ederretik aterako da, eta omenaldi moduan, Hondarribian zehar 5 kilometroko neutralizatua egingo da, herritarrek ikuskizun honetaz goza dezaten, hori bai, distanzia sozialak ongi errespetatuz. Hori behin eta berriz gogoratu behar dugu, osasuna denon lehentasuna baita”, gehitu du Erasok.