Arau-hauste penalak %16,97 jaitsi ziren iaz Hondarribian. / Hondarribiko Udala

Arau-hauste penalak %16,97 jaitsi ziren 2020an Hondarribian, aurreko urteko (2019) datuekin alderatuta, 725etik 602ra hain zuzen. Hala jakinarazi du Txisun Altunak, Udaleko Herritarren Segurtasunerako zinegotziak.

“Hondarribiko eta Irungo udaletako Ertzaintza eta Udaltzaingoa Koordinatzeko Batzordearen bilera egin dugu duela gutxi. Bilera horretan, 2020ko delitu-egitateen balantzea eta analisia egin ziren”, dio Altuna zinegotziak.

Hitzorduan izan ziren Hondarribiko eta Irungo alkateak, Ertzaintzaren lurralde-mailako arduradunak, Irungo ertzain-etxeko arduradunak eta bi udalerrietako udaltzaingoetako arduradunak.

Txisun Altunak, Herritarren Segurtasunerako zinegotziak, nabarmendu duenez, “emandako datuen arabera, iaz ia delitu-modalitate guztiak jaitsi ziren, batez ere Ondarearen Aurkako Delituak eta Pertsonen Aurkako Delituak. Salbuespen bakarra iruzur-delituak dira, gehienbat online operazioetan eta erosketetan, 2020. urtean gorakada nabarmena izan baitute”.

Hiri seguru baten alde lanean

“Adibidez, lesio-delituak %36,17 jaitsi dira, 47tik 30era, ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako delituak 517tik 452ra jaitsi dira, hau da, %12,57ra. Gainera, segurtasun kolektiboaren aurkako delituak %24,19 jaitsi dira, 62tik 47ra. Mila biztanleko delitu-tasa %35,66koa da, iaz %43,08koa zen bitartean”, nabarmendu du Altunak.

“Udaltzaingoari eta Ertzaintzari eskerrak eman nahi dizkiet Hondarribiak hiri segurua izaten jarrai dezan eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan egiten duten lanagatik. Udalaren helburu nagusietako bat da, eta horretan jarraituko dugu. Ertzaintzarekin eta Irungo Udaltzaingoarekin oso koordinazio ona dugu, oso garrantzitsua baita herritarrei zerbitzu ona eskaintzeko orduan”, gaineratu du Altunak.