Maria Serrano, Hiritarrekiko Harremanetarako zinegotzia. / Hondarribiko Udala

Hondarribiko Udalak argazki lehiaketa bat antolatu du 2021erako egingo duen egutegia osatzeko. Argazki lehiaketa bihar bertan hasiko da Hondarribiko irudiak protagonistak izango direlarik. Hala jakinarazi du Maria Serrano Hiritarrekiko Harremanetarako zinegotziak prentsaurrekoan.

“Iaz ‘Hondarribia’ marka hedatzeko egin genuen egutegiari jarraipena eman nahi diogu, eta datorren urteari begira, Hondarribiko argazkiekin egutegi bat egin nahi dugu, eta, irudiak aukeratzeko argazki lehiaketa bat antolatu dugu. Hala, aurten COVID-a dela eta bertan behera geratu diren lehiaketak ordezkatuko ditu azken honek”, dio Serrano zinegotziak.

Horrela, nahi duen orok bere argazkia bidali ahal izango du posta elektronikoz argazkiakhondarribia@gmail.com helbidera edo mezu pribatu bidez Udalaren kanal sozial ofizialen bidez, Facebook (www.facebook.com/HondarribikoUdala), Twitter (@HondarribiaUdal) eta Instagram (hondarribiko_udala). Pertsona bakoitzak hiru argazki aurkez ditzake, bere datuekin eta “Hondarribiko 2021eko Udal Egutegirako Argazki Lehiaketa” leloarekin. Lehiaketa 18 urtetik gorako argazkigintzaren zaletuei zuzenduta dago.

Hondarribiarekin zerikusia

“Argazkiek Hondarribiarekin zerikusia izan beharko dute, eta hiriko gune bat, kultur ekintza bat, gastronomia, natura eta abar adieraz ditzakete. Azoka eta mugikortasunari garrantzi berezia eman nahi diogu”, gehitu du Serranok.

“Guztira 100 euroko 12 sari banatuko dira, hilabete bakoitzeko bat, baita marka berriaren merchandising pack bat ere. Mugikortasunarekin eta azokarekin lotutako irudiek azokan gastatzeko bonu bat ere jasoko dute.

Gogoratu argazkiak aurkezteko epea bihar irekiko dela eta datorren urriaren 30ean amaituko dela.