Arrantzale Auzoa. / Arma Plaza Fundazioa

Azken asteotan Arma Plaza Fundazioak egindako ekimenei jarraiki, oraingoan gure herrian hain ezaguna den Arrantzale Auzoaren inguruko informazioa eta bisita birtuala proposatzen dira.

“Gogoratu azken aste hauetan Guadalupeko Bunkerrak, Hondarribiko eskulturak eta San Isidro izan ditugula hizpide, gure ondarea gizarteratzeko helburu argiarekin jarraituz”, dio Kalixa Silanes Arma Plaza Fundazioko patronatoko presidenteordeak.

“Oraingoan Arrantzale Auzoaren inguruko proposamen birtuala aurkezten dugu. XX. mendeko berrogeigarren hamarkadan diseinatutako auzoa, hirurogei familia arrantzaleren etxebizitza-premiari erantzun zion. Auzoaren eraikuntzari buruzko historia bildu da, Pedro Muguruza arkitektuak diseinatu eta Irungo ‘Echepare y Cía’ enpresak eraikia”.

“Plaza eta etxe guztiak deskribatzeaz gain, 1946ko argazki bilduma eder bat gehitzen da, baita proiektu originalaren irudi bat ere. Hori gutxi balitz, 1946ko irailaren 11ko egunkarietan irekiera ekitaldia prentsan nola azaldu zen zehazten da”.

“Konposizio urbanistiko egoki bati euskal estilo erregionalista beste joera arkitektoniko abangoardistago batzuekin uztartzen zituen eraikinen diseinu bat gehitu zitzaion. Azken emaitza begibistakoa da, eta estetika egokia mantentzea lortu zuen, lehendik zeuden gertuko eraikinekin ezin hobeto integratzeko. Esteka hauetan sartu eta egindako lanaz gozatzera gonbidatu nahi ditut herritarrak”, gehitu du Silanesek.