600 sinadura baino gehiago lortu ziren asteburuan. / Hartu Hitza Elkartea

Alaitasuna, poztasuna, jai giroa eta irribarre asko Irungo erdigunean ikusteko aukera egon zen larunbatean. Urdanibia plazan, San Juan plazan, Fermín Calbetónen, Zabaltza plazan eta Luis Marianon 602 sinadura jaso ziren, hau da, 2 egunetan jaso zituztenak baino gehiago.

Alaitasuna eta poztasuna ez zuten irundarrek soilik sortu, Zizurkileko, Billabonako eta Añorgako erraldoiek Irungo kaleetan kolorea jarri zuten; Kemen Dantza Taldeak irundarrak dantzan jarri zituzten Txorimalo Trikitixa Taldearen laguntzaz; Irunabar Irungo Bertso Eskolako kideek irundarrak liluratu zituzten; GED Irunek sortutako abesbatzak irundarrak kantatzen jarri zituzten eta txalapartariek irundarrak euren iturrira bueltatu zituzten.

San Juan plazatik 11:30etan atera ziren erraldoiak eta Kemen Dantza Taldeko partaideak eta 11:45etan Fermín Calbetónen Txorimalo Trikitixa Taldearekin bat egin zuten. Handik aurrera, kalejira erraldoi baten bidez, Zabaltza plazaraino eta Luis Marianoraino iritsi ziren. Bertan dantzak, bertsoak, kantak eta doinu alaiak entzuteko parada egon zen. Bukatzeko, Luis Marianotik berriro ere San Juan plazara egin zuten bidea, kale Nagusitik pasatuz.

Igandean ere 64 sinadura gehiago

Muxiko eguna zela hizpide, igandean San Juan plazan mahaiak kokatu ziren eta dantzen artean jendeak Irungo herri kontsulta bermatzen jarraitu zuen. Larunbatean bezala, eguraldiak lagundu egin zuen jendea kaleratzeko eta ahots batez Hartu Hitzari laguntza eskeintzeko.

Hartu Hitza Elkarteak aste honetan ere lanean jarraituko du larunbatean mahaiak Arbeseko Errotan eta Zabaltzan plazan jarriz; izan ere, apirilaren 29a iristeko asko geratzen bada ere, lana ahalik eta azkarren bete nahi dute.