Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren V. edizioa martxan da “Ez zaude bakarrik” lelopean

Indarkeria matxistarik gabeko jendarte bat irudikatzeko bokazioz abiatu zen Asun Casasola Ipuin Lehiaketa orain direla sei urte

0
1431

Asun Casasolaren borroka eta kemenari aitortza egiten jarraitzeko asmoz, “Asun Casasola Ipuin Lehiaketa”ren edizio berria martxan da, “Zurekin nago” lelopean. “Sei urteko bide honetan 1000 ipuin baino gehiago batu ditugu. Horrez gain, hirugarren ediziotik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundiari esker, lehiaketa gazteengana hurbildu genuen. 10-16 urte arteko gazteengana zehazki, eta haientzako kategoria berezi bat sortu genuen. Lehiaketaren sail hau bereziki nabarmendu nahi dugu, eta adin tarte horretako nerabe guztiei animatu parte hartzera, indarkeria matxistaren aurkako beraien haurnarketa ipuinetan isladatzera”.

“Ez zaude bakarrik” proposatzen da ipuinen abiapuntu edo gaia gisa. Goiburu honekin sororitatean eta indarkeria matxista jasaten duten emakumeenganako babesa eta elkartasuna jorratzen dituzten ipuinak sustatu nahi dira.

“Gure helburua berdintasunaren aldeko jendartea bultzatzea eta genero indarkeria baztertzea izan da hasieratik. Horregatik, edizio honetan ere, ikuspuntu positibo bat bilatuko dugu, indarkeria matxistaren aurkako borroka islatzen duena. Ipuinak euskaraz edo gazteleraz aurkez daitezke. Parte-hartzaile bakoitzak idazlan bakarra aurkeztu ahal izango du, orrialde batekoa. Ipuinak originala izan behar du, argitaratu gabea eta aurkezten den hizkuntzan idatzitakoa, ez da onartuko itzulpenik”.

Sariak

Kategoria bakoitzeko sari bat egongo da, baina edizio honetan hainbat berrikuntza daude. Helduen kategoriako irabazleek (bai euskarazkoak eta baita gaztelerazkoak ere) 300 euroko sariaz gain, 50 euroko balioa duen liburu pakete bat jasoko dute, Irungo Brontë liburudendaren eskutik. Gazteen kategoriako irabazleek (bai euskarazkoak eta baita gaztelerazkoak ere) 100 euroko saria jasoko dute, eta 50 euroko balioa duen liburu pakete bat, hau ere Brontë liburutegiak eskainita. Liburuek feminismoaren inguruko gaiak jorratuko dituzte.

Epaimahaia

Aurtengo epaimahaia, berriz ere, emakumez osatuta egongo da bere osotasunean. Helduen kategorian, euskeraz, Yurre Ugarte, Ana Iruretagoiena eta Idurre Eskisabel izango dira. Kategoria berdinean, gazteleraz, Mertxe Tranche, Maria Jose Noain eta Marian Benitez. Gazteen kategorian, euskeraz, Itziar Gomez, Ainara Maia eta Ane Perez izango dira, eta gazteleraz, Noelia Lorenzo, Maite Vergara eta Naroa Gonzalez.

Ipuinak bidaltzeko epeak

Gaur astelehena, azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin batera, zabalduko da lanak aurkezteko epea. Parte-hartzaile guztiek 2020ko otsailaren 9ra arte izango dute ipuinak aurkezteko. Orduan, epaimahaiaren lana hasiko da. Martxoaren 5ean lehiaketaren sari banaketa ospatuko da Brontë Liburu-dendan.

Ipuinak asuncasasolaipuina@gmail.com posta elektronikoko helbidera bidal daitezke, Brontë liburu-dendara (Kale Nagusia 16, Irun) ere bidal daitezke, posta arrunta erabiliz, edo liburu dendara joan eta bertan ere utzi daitezke.