“Aurrekoen memoriari kasurik egiten ez diotenak, historiari oztopo egiten diote”

Xabier Gezala Oiarbide, Txingudi Errugby Klubaren urtekariaren textuen egilea

0
1086

Txingudi Errugby Klubak 50 urte bete zituen 2019an. Orain, ospakizun horren harira antolatutako ekintza eta jarduera guztiak urtekari batean bildu dira. 5 eurotan saltzen da Irungo Fermin Calbeton kaleko kioskoan eta Hondarribiko Txiplaoko Done Pedro Itsas Gizonen Kofradiako lokalean. Ilustrazioak, diseinua eta maquetazioa Judas Arrietarenak dira, textuak berriz, Xabier Gezalarenak.

– Klubak 2019an burututako jarduera guztiak liburu batean jasotzea eta guzti horri forma ematea tokatu zaizu…

Bai. Klubaren historia ezaguna da, baina liburu honen helburua beste bat da: klubaren urte berezi horretan zer gertatu zen kontatzea hain zuzen ere. Eta 50 urte barru hemen egongo direnei hau guztia egin genuela gogorarazi.

Klubak 25. urteurrena bete zuenean aldizkari bat egin zen eta bertan ere parte hartu genuen, baina oraingoa ezberdina izan dela uste dut. Hemen agertzen dena ez da astero pentsatzen zen zerbait. Hasieratik talde bat osatu zen, bertan proposamenak jaso ziren. Ia proposamen guztiak aurrera eramateko erabakia hartu zen, ez bakarrik bideragarriak zirelako, baita diru askorik ez izan arren kluba ekintza pilo bat aurrera eramateko gai zela erakusteko ere. Eta horrela egin zen, diru askorik gabe, jendearen laguntzarekin… Eta hemen guzti hau isladatzen dela uste dut. Hemendik urte batzuetara gauza guzti hauek beste ikuspegi batekin ikusiko dira eta duten balioa emango zaie.

– Urtekariaren aurkezpenean esaten zenuen etorkizunera begiratzeko nahitaezkoa dela begirada atzera botatzea…

Bai, etorkizunera zoazenean atzetik zer etorri den kontutan hartu behar duzu. Aurrekoen memoriari kasurik egiten ez diotenak, historiari oztopo egiten diote. Liburuan agertzen den lehen esaldia da eta egi borobila da. Hau da, hain zuzen ere, urtekari honekin erakutsi nahi duguna: 50 urte barru, klubak 100 urte betetzen dituenean, atzera begira eta jarduera guzti hauek aurrera eraman zirela gogorarazi. Nondik gatozen, azken finean.

– Judas Arrieta izan duzu lagun…

Bai, Judasen eskua nabarmen ikusten da, bere koloreak, diseinua… Maquetazio lana ere berak egin du. Baina urtekaria aurrera ateratzea ez da bakarrik Judasen edo nire lanaren ondorio izan. Jende pilo bat egon da atzetik eta beraien laguntza eskertzeko ere aprobetxatu nahiko nuke.

– Osasun krisi batean murgilduta gauden honetan… osasun aldetik nola dabil errugbia?

Errugbia Irunen eta eskualdean duen jarraipena izugarria da. Hala uste dut. Egia da aurtengoa ez dela urterik onena pandemia dela eta, baina jokalariak gogoz dabiltza itzultzeko, pentsa hilabete pilo bat eman dutela entrenatu gabe, bueltatu eta berriro ere entrenamenduak eten egin direla. 50 urte barru oraingo gazteei hurrengo urteurrena antolatzea tokatuko zaie eta gogoan izango dute 2019an klubak 50 urte bete zituela eta 2020an urtekari hau atera zela.