Iazko jaietako kartelen erakusketa. / Hondarribiko Udala

Aurten oso bereziak izango diren Hondarribiko Jai Nagusietarako kartel eta argazki lehiaketak antolatu ditu Kultura departamentuak.

Kalixa Silanes Kultura zinegotziak esan duenez, “gauden egoera berrian, une hauetan Udalean azterketa sakona egiten ari gara herriko jaien inguruan. Datozen egunetan hartuko dugu erabakia baina horrek ez du zertan eraginik izan behar Jaietako kartel eta argazki lehiaketan. Urte berezia izango dela ziurra da”.

Jai Nagusietako kartel lehiaketan edozeinek har dezake parte. Teknika librea da, lanek orijinalak behar dute, eta neurriek, aldiz, 70x50zm-koak, bertikalean. Irabazten duenak 650 euroko saria jasoko du, eta bere obra Jaiak iragartzeko kartel ofiziala izango da. Bigarren sailkatuak 300 euroko saria dauka zain, eta 200ekoa hirugarrenak.

Argazki lehiaketan parte hartzea ere irekia da. Hondarribia kokaleku duten zuri-beltzeko edo koloretako argazkiak onartuko ditu Udalak. Parte-hartzaile bakoitzak aurrez argitaratu edo saritu gabeko lau ale aurkez ditzake, 20x30cm-ko neurrikoak, eta markorik gabekoak. 500, 400 eta 300 euroko sariak jasoko dituzte, hurrenez hurren, lehen hiru sailkatuek.

Lanak aurkezteko epea uztailaren 14an itxiko da, BAZen, goizeko 9:00etatik 13:00etara.