Informazio gehiagorako, deitu 688 865 398 edo 943 11 12 24 zenbakietara. / Hondarribiko Udala

Gaur goizez Alde Zaharreko Olazabal parkean agerraldia egin dute Mintzalagunaren aurtengo egitasmoa aurkezteko. Han izan dira Maria Serrano Euskara zinegotzia, Aritz Enparan Mintzalagunaren udal dinamizatzailea, eta Jon Altuna, ekimenaren kideetako bat.

“Hondarribian 8. ikasturtez egongo da martxan Mintzalaguna. Udalak Topagunea Euskaltzaleen Federazioarekin elkarlanean antolatzen duen egitasmoa da, herrian euskararen erabileran eragiteko”, esan du Maria Serrano zinegotziak. “Jakin badakigu aurten oso berezia dela bizitzen ari garen egoera dela eta, eta horregatik garrantzi gehiago dauka gaurko agerraldian, euskarari laguntza emateko esfortzu berezia egin beharrean gaude eta”.

Aritz Enparan dinamizatzaile zentzu berean aritu da. “Aurrez-aurreko saioak lehenestu nahi ditugu. COVID-19aren aurrean protokolo bat jarraitzen da eta zentzu horretan baldintza guztiak beteko direla gauza argia da. Halere, internet bidezko solasaldiak egiteko aukera ere emango dugu”.

“Hondarribian euskara ongi menperatzen duten herritarrei dei egin nahi nieke, euskaraz aritzeko zailtasunak dituztenei lagun diezaieten. Denak ateratzen gara irabazten”.

Bi modutara parte har daiteke, euskara praktikatuz (bidelaria) eta euskara praktikatzen lagunduz (bidelaguna). Mintzalagun bihurtzeko baldintza bakarrak, euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea dira.
“Mintzalagunak bospasei laguneko taldetan elkarturik, adiskide giroan arituko dira hizketan eta pixkanaka somatuko dute mintzapraktikaren efektua: kalean ere imajinatzen ez luketen hamaika pertsonekin hasiko dira euskaraz hitz egiten”, gehitu du Enparanek.

“Euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi dutenak eta euskaraz normaltasunez aritzen diren laguntzaileekin mintzapraktika taldeak antolatzen ditugu”.

Izen ematea hainbat bide erabiliz burutu ahalko da urrin zehar, urtarrilean berriz irekiko delarik:

– Hondarribiko Udal Euskara Zerbitzura joz: Pampinot 12-14
– e-postaz: mintzalaguna@hondarribia.eus
– https://labur.eus/hondarribia helbidean

Informazio gehiagorako, deitu 688 865 398 edo 943 11 12 24 zenbakietara.