Hondarribiko Agroaldean aurkeztu dute proiektua. / BDS Koop-Eraldaketa Fabrika

BDS Km0 proiektua aurkeztu dute gaur Hondarribian. “Globalizazioak, egun, merkatu zorrotz eta “macro” baten bidea ireki du. Elikagai merkaturatze kanalak aldatzen joan dira azken urteetan, egun banatzaile handiak izanik, merkataritza-zirkuituak ia guztiz kontrolatzen dituztenak. Merkatuaren nagusitasun horrek, zenbait kasutan, hornitzaileek beraien produktuak, produktuaren ekoizpen-kostuaren azpitik saltzea ordaindu behar izatea suposatu du”, diote BDS Koop-Eraldaketa Fabrikatik.

“Zentzu horretan, famili-ustiategiak izaten dira kaltetuenak. Izan ere, zailtasun handiak izan ohi dituzte beraien jarduerak errentagarri izateko, bai salmentetatik jasotzen dituzten prezioak baxuak direlako (bitartekariek/banatzaileek jasotzen dituzte etekinak), bai merkaturatze-eredu berriak bilatzeko ekintzailetasun eza dagoelako. Egoera horrek, landa-eremuko biztanle nagusiek, nekazal-jarduera bertan behera uztea ekar dezake, eta landa-eremuko herri txikien despopulatze bat sortu. Bestalde, egungo jendartearen gizarte (eta ingurumen) kontzientzia handiagoak, kontsumitzaileek produktuarekiko duten exigentzi maila altuagoa izatea ekarri du, hau da, bertakoak, kalitatezkoak edota osasungarriak eta seguruak diren elikagaiak nahi dituzte. Inguruarekiko errespetua duten ekoizpen-eredu jasangarriak”.

“Testuinguru horretan, Behe Bidasoan, ekoizpena, elikagaien eraldatzea eta salmenta gerturatuko dituen merkaturatze zirkuitu-laburretan oinarrituriko ekimen sozial eta komertzialak sortzea ezinbestekoa ikusten dugu. Horretarako, premiazkoa da eskualdeko elikadura-katea osatzen duten eragileen artean harreman zuzenak sortzea. Egoera horri aurre egiteko, eta hornitzaile, transformatzaile eta kontsumitzaileen beharrei arreta ipinita, lankidetzan, BIDASOA KM0 proiektua jarri nahi dugu martxan. Proiektu honen bitartez, Behe Bidasoako elikadura-kateko eragileen artean, Tokiko Elikadura Garapenerako Banaketa-Sistema sendo bat sortu nahi dugu. Esperientzia berritzaile honetan helburu orokor eta helburu espezifiko batzuk bereizten ditugu. Helburu orokorrak hauexek dira: Behe Bidasoako tokiko garapen iraunkorra sustatzea, nekazal sektorea sustatu, sektorean lan aukera berriak sortu eta lan baldintza duinak bermatu, bertako produktuen kontsumoa areagotu eta landa eremua eta tokiko elikagaiak balioan jartzea . Helburu espezifikoei dagokionez, elikadura-kateko eragile guztien parte-hartze eta proiektuaren bereganatzea, sare eta sinergia ezberdinen sorrera bermatuta, ezagutzen eta informazioaren transferentzia horizontala sortzea gardentasunetik; ekoizle eta transformatzaileentzako komertzializazio kanal berriak irekitzea; landa eremuko eragileen arteko elkarlana sustatzea eta lankidetzan oinarritutako erramintak sortzea; tokiko ekoizleen eta horien garaian garaiko produktuen ezagutza eta erosketa sustatzea; eta jantoki publikoei kalitatezko eta bertako produktuak eskaintzea”.

“Guzti honi lotuz, esperientzia berritzaile honen heburu nagusia, jantoki kolektiboak, hau da, eskolak, adinekoen egoitzak eta enpresak hornitzea da. Argi dago proiektuak izaera berritzailea duela, berrikuntza soziokulturala, berrikuntza ekonomikoa eta berrikuntza ekologikoa. Betiere, hiru ildo horiek elkar elikatzen dira eta modu integral batean landu behar dira. Horrela, jasangarria, parekidea, bideragarria, eta, azken finean, iraunkorra izango den sistema sortuko dugu. Proiektua burutu ahal izateko, Labore Txingudi kontsumo elkartea, Hiritik At tokiko garapenerako kooperatiba eta Aldatsa baratza elkartea arituko gara elkarlanean Eusko Jaurlaritzaren Landa garapenerako dirulaguntza baten bitartez. Dena den, kontutan izan behar da, plataforma aurrera eraman ahal izateko, sortuko diren ekintza eta proba pilotuetan, ezinbestekoa izango dugula eskualdeko elikadurakateko bestelako eragileen parte-hartzeak”.