Errazkin, Elosegi eta Echeveste. / Irungo Udala

Irungo Udalak Euskara Arloaren bitartez deitzen duen J.A. Loidi Ikerketa Bekaren hamabosgarren edizioa eskuratu du Joxan Elosegi eta Aitor Errazkin irundarrek aurkeztutako «Bertsoak eta bertsolariak Irunen XIX. mendean».

Ikerlanaren aurkezpenean Irungo Udaleko Euskara Ordezkaria den Miren Echevestek aipatu zuen «Jose Antonio Loidi ikerketa beka» omenaldi bat izan nahi du adopzioz eta bihotzez bidasotarra zen Jose Antonio Loidi ospetsuarentzat eta, beste alde batetik, euskarazko ikerketa suspertu eta bultzatu nahi ditu hainbat esparrutan: antropologian, filologian, toponimian literaturan, osasun publikoan, hidrologian eta botanikan, hain zuzen». Esleitutako ikerketa-lanak 12 hilabete iraungo du eta 9.000 euroko zuzkidura izango du.

Joxan Elosegi eta Aitor Errazkinek azaldu zutenez «Bertsoak eta bertsolariak Irunen XIX. mendean» izeneko proiektuaren bitartez, bereziki ezagutarazi nahi izan dute Irungo herrian XIX. mendean izan zen bertso produkzioa, eta haien protagonista nagusiak, hau da, bertsolariak eta bertso jartzaileak, bertsoen nolakotasuna zehaztuz (neurria edo metrika, errimak, doinuak, gaiak, gaien tratamendua…), eta aurkezturiko bertso-sorta bakoitzaren testuingurua egokiro aurkeztuz.

Gertaleku antzera aurkeztu dute Irun, baina zaila da bertsoen eta bertsolarien mundua mugatzea, egileen ustez, izan ere «Bertsoak ez daki geografiaz, euskarak darabil, eta euskal bazter orotara zabaltzen da hura gidari. Bestalde, adiera zabalagoan ulertu beharra dago betiere Irun hori, Hondarribia eta Bidasoaz beste aldeko herri mugakideak ere kontuan hartu behar baitira».

Gaur arte iritsi diren bertsoez eta bertso-sortez arituko dira egileak, idatzien bitartez iritsitakoak gehienak, han eta hemen, artxiboetan, autoreen bildumetan, bertso eta kanta-paperen funtsetan, prentsa idatzian eta liburuetan. Hala ere, ikerlarien esaneko ez dute ahozko edota zuzeneko komunikazioetatik bertsoren bat edo halako sorta jasotzeko itxaropenik guztiz galdu, aukera hori oso urrun sumatzen badute ere.

Elosegik eta Errazkinek, orobat, Irungo bertso ondarea ahalik eta modu ulergarrienean aurkeztu nahi dute, eta haren garrantziaz jabetzeko beharrezkoak diren burubideak behar bezala finkatu.

Historia jardunerako metodologiaz baliatuko dira egileak bertso sailak eta bertsolariak bilatzeko eta denboran kokatzeko unean, eta literaturaren azterketa eta kritikarako metodoez ondareko dokumentu bakoitzari eta bertsoen corpus orokorrari heltzeko momentuan, bertsoen ikerketari eta azterketari heltzeko unean arlo eta diziplina askotako elementuak hartu behar direla kontuan hartuz.

Orain arte, inork ez ditu Irungo XIX. mendeko bertsoak eta bertsolariak bilduma bakar batera ekarri. Eta horixe izango da ikerlarien egitekoa. Gainera, bertsoen transkripzioa, eta grafia batuaz aurkezten saiatuko dira.

XIX. mendea, aldaketa mendea izan zen inolaz ere, gerrek asaldatu zuten mendea. «Eta aztoramendu haren testigantza aparta eskaintzen digute bertsoek, baita Irunen ere egileen ustez».

Ikertzaileak

Joxan Elosegi Arregi Irunen jaio zen 1955ean. Filologian lizentziatua, euskara irakaslea eta itzultzailea. Joxe Mari Lopetegi, errepublikanoen bertsolaria liburua aurkeztu zuen 2004. urtean, Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundarraren lana ezagutarazteko. Elkarlanean dihardu aspaldidanik Aitor Errazkinekin.

Aitor Errazkin Vicente Irunen jaio zen 1977an. Lehen Hezkuntzan graduatua eta Hezkuntza Testuinguru Multikultural eta Eleaniztunetan Unibertsitate Masterduna, bertsolaria, euskara irakaslea Irungo AEKn eta irakaslea Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Irunabar, Irungo Bertsoaren Bilguneko eta Txingudiko Bertso Eskolako kidea da eta, ondarearen arloan, elkarlanean dihardu aspaldidanik Joxan Elosegirekin.