Angel Mariezkurrena. / Martin Tellechea

Duela 20 bat urte hasi zen Angel Mariezkurrena eratsundarra euskal kanta zaharrak berreskuratzeko ekitaldiak antolatzen. Orain dela hilabete batzuk Atalaia jatetxeko zuzendaria den Inaxio Muguruza sukaldariak deitu zion hemen, Irunen, Euskal Kanta Zaharren Eguna antolatzeko. Urriaren 5ean ospatuko da ekitaldi hori.

– Noiz hasi zinen honelako ekitaldiak antolatzen?

Orain dela 20 bat urte hasi nintzen kanta zaharrak berreskuratzen. Eratsundarra naiz eta han beti bizi izan ditugu. Han jendea basoetara joaten zen lanera, beste batzuk, ordea, Ameriketara. Ia urte osoa pasatzen zuten etxetik kanpo eta bueltatzerakoan, Eratsungo festetera, egun osoa pasatzen zuten (genuen) kantatzen, lehenengo egunetik azkenekora.

Hasieran, lehenengo jaialdia antolatu nuenean, Eratsungo gauza bat zela pentsatzen nuen, baina denborarekin konturatu naiz Euskal Herriko izkin guztietan gertatzen den zerbait dela.

– Kanta zaharrak bertsolaririk gabe ezin dira ulertu…

Kanta zaharrak bertsoak daudelako mantentzen dira. Horregatik esaten dut beti bertsolariak dauden bitartean kanta zaharrak ere egongo direla. Azken finean, bai kanta zaharrak baita bertsolariak ere gure historia dira. Gai guztiak jorratzen dituzte: arrantzaleenak, elizakoak, kiroletakoak, etxekoak… kanta zaharrak eta bertsolaritza ezin dira bata bestea gabe ulertu. Askotan galdetzen didate ea zer diren kanta zaharrak. Mahai inguruan kantatzen ditugun kantuak, harremanak sortzea, elkarrekin egotea, hori guztia… ez diogu galdetzen aldamenekoari nor den, nondik datorren edo zer pentsatzen duen. Kasu honetan, urriaren 5ean, Aitor Mendiluze bertsolaria, Aitor Ibarra (tronpeta) eta Beñat Mitxelena (soinujolea) izango dira otordua alaituko dutenak.

– Nola suertatu zen ekitaldi hau Atalaia jatetxean antolatzeko aukera?

Inaxio Muguruza sukaldariak deitu zidanean Atalaia jatetxean Euskal Kanta Zaharren Eguna ospatzeko baietz esan nion. Plazer bat da niretzat. Hemen agertu nintzen eta heldu eta berehala sukaldera sartzeko esan zidaten, etxean banengo bezala, han aurkituko nuela Inaxio. Bere ilusioa hemen honelako bazkari bat prestatzea zen, aintzinako ohiturak berreskuratzea. Pentsa ezazu sukaldarien lana ere zerikusia duela mundu honekin. Ordu asko egoten dira sukaldean eta askotan kantatzen. Inaxio ere halakoa da.

– Kontaiguzu ekitaldiaren xehetasun gehiago…

Urriaren 5ean ospatuko da. Ekitaldia 13:00etan hasiko da, Atalaia jatetxeko terrazan prestatutako ongi etorriarekin. Bertan oilo eta txahal salda daztatzeko aukera izango da, baita arto ogia tipuliña eta txitxikiarekin, kroketak eta arabako patata eta odolkia ardi gaztarekin labetua ere. 14:00etan bazkaria hasiko da, honako menuarekin: onddo kurruskaria otarrainxkarekin, betiko bakailoa saltsan, limoi sorbetea, urdin sagarra errea ahate eta mahatsekin eta goxua tejarekin. 20:00ak aldera bukatuko dugu. Pertsona bakoitzeko 50 euro ordainduko da eta izena-emateko epea urriaren hasieran itxiko da eta Atalaia jatetxean bertan egin behar da, hara gerturatuz edo 943 62 94 33 telefonora deituz. Guztira 200 plaza daude.