Euskara arloko ordezkaria den Monica Martinez. / Irungo Udala

Irungo Udalak 2019-2020 ikasturtean euskara ikasten edo hobetzen aritu zirenentzako beken deialdia onartu eta abian jarri du. Deialdia 79.140 eurokoa da.

Monica Martinez Euskarako ordezkariak azaldu duenez, “euskara ikasten ari direnei laguntzeko arlotik aurrera eramaten ditugun ekimenen barruan sartzen dira laguntza hauek, eta laguntza horren helburu nagusia da gero eta irundar gehiagok erabiltzea euskara beren egunerokoan”.

Ordezkariak azaldu duenez HABEk homologatutako euskaltegiek eta zentroek emandako euskalduntzeko ikastaroak lagundu ahal izango dira, 2019ko urriaren 1etik 2020ko irailaren 30a bitartean antolatutakoak. baldin eta ikastaroak hauetakoren batean egindakoak badira: Irungo euskaltegiren batean edo HABEk homologaturiko beste edozein ikastegitan, baldin eta ikastaroa Irungo euskaltegiek eskaintzen ez badute, ikaslea Irungo euskaltegiek onartu ez badute.edo ikasleak ziurtatzen badu, ikasketak edo lana direla kausa, ezin duela Irungo euskaltegietako eskaintza baliatu. HABEk homologatutako Barnetegiei dagokienez, matrikula gastuak baino ez dira diruz lagunduko; baztertuta daude, beraz, bidaia, ostatu eta mantenu gastuak. Bestalde, Euskaltegietako talde bereziak, unibertsitateek udan euskaraz antolatzen dituzten ikastaroak eta euskarazko aisi edo kirol ikastaroak ere diruz lagunduko dira.

Dirulaguntza hauen eskatzaileek 16 urte beteta eduki beharko dituzte dirulaguntza eskatzen den ikastaroa hasten den urtean eta Irunen erroldatuta egon beharko dute 2019ko irailaren 1a baino lehen.

Ordezkariak azpimarratu duenez, “Udaleko Euskara Arloak Lannahi bezalako programak jarri ditu martxan langabeek euskara doan ikasteko, eta hau bezain garrantzitsua da baliabide nahikoak jartzea euskara ikasteko ahalegin ekonomikoa egiten duten pertsonei begira”.

Horregatik, eta azken urteetan egin den bezala, Udalak euskara ikasten edo hobetzen aritu direnen matrikula-gastuak % 100ean diruz laguntzea aurreikusi du, betiere ikasketaprozesuaren aprobetxamendu akademikoaren arabera.

Bekak eskatzeko epea eta modua

Bekak eskatzeko epea zabalik dago urriaren 8ra arte. Interesatuek eskaera Irun Txartelarekin (edo beste ziurtagiri digital batekin) egin dezakete, www.irun.org/sac webguneko “Euskara ikasteko edo hobetzeko bekak” atalean. Atal horretan, nahikoa da adieraztea eskatzaileak zein euskaltegitan jardun duen eta bekaren zenbatekoa zein kontu korrontetan jaso nahi duen. Gainerako egiaztapen guztiak ofizioz egingo ditu Irungo Udalak.