Uranzu pilotalekua. / Irungo Udala

Astearte honetan aurkeztu dute Eskuz Binakako Txapelketa, eta Uranzu pilotalekuan jokatuko da txapelketako final laurdeneko lehenengo jardunaldian. Datorren astelehenean, urtarrilaren 4an, beste jaialdi bat egingo dute Irunen, eta ETBk zuzenean eskainiko du, 22:15etik aurrera, eta, beste behin ere, ez da ikuslerik izango, COVID-19aren pandemiaren harira ezarritako murrizketengatik.

Bi partidek osatuko dute jaialdia; lehenengoa promozio txapelketakoa izango da eta Alberdi-Salaverri eta Zubizarreta III-Uriondo izango dira aurrez aurre. Ezkurdia-Galarza eta Elezkano II-Zabaleta bikoteek jokatuko dute partida nagusia. Esan behar da Ezkurdia binakako txapeldun izan zela iaz Julen Martijarekin batera.

Borja Olazabal, Irungo Udaleko Kirol ordezkariak azpimarratu duenez, “Albiste ona da berriro ere Uranzu horrelako txapelketetako egoitzen artean egotea. Pilotalekua erantzuten ari da berritu zenetik instalazio honetan jarri ziren itxaropenei, eta horren erakusgarri da Irungo pilotazaleentzat ekitaldi ugari egiten ari direla”.