Uztailean 570 erabilera egon dira. / Hondarribiko Udala

Hamahirugarren urtez, “Oztoporik gabeko bainua” ekimen ederra gaurtik martxan dago Hondarribiko hondartzan. Aurkezpena hondartzan bertan egin berri da eta han izan dira Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko ordezkariak, Foru Aldundiko ordezkariak eta Gotzone Larrarte Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia, baita erabiltzaile zein monitoreak ere.

“Zerbitzua Hondarribiko hondartzan eskaintzen da, Donostiako Kontxako hondartzaz gain, uztailaren lehen egunetatik hasi eta datorren abuztuak 25 arte”, dio Gotzone Larrarte zinegotziak.

“Mugimenduak murriztuta dituzten pertsonei zuzentzen da. Askotan aisialdirik eta denbora librerik apenas izaten dute eta gainera, sarritan ez dute behar-besteko laguntzarik izaten denbora horretaz gozatu ahal izateko. Horregatik, zerbitzu hau oso garrantzitsua dela uste dugu udaletik, pertsona askorentzat ezinbestekoa. Zorionak hau aurrera eramatea posible egiten duzuen guztiei; orain eguraldi ona agertzea falta zaigu”.

Ezintasunagatik, adinagatik edo beste arrazoiren batengatik mugikortasuna murriztuta duen edozein pertsonarentzat da zerbitzu hau, eta 11:00etatik 18:00etara emango da, astelehenetik igandera. Hondartzara joateko eguna, lekua eta ordua koordinatuko dira 651 90 26 66 telefono zenbakiaren bitartez. Pertsona prestatuek auto egokitu batean jasoko dute erabiltzailea eta hondartzara eramango dute.

Aldagelara eramango dute lehenik eta ondoren bainatzeko gunera, ondoren jasotako leku berean utziko da erabiltzailea, hartarako hitzartutako orduan. Autonomiarik ez duten pertsonek laguntzaileekin etorri beharko dute.