Miguel Angel Paez eta Maria Serrano. / Bidasoa bizirik

Irungo eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik-en bidez, HAZI-LAN proiektua jarri dute abian, lan-zailtasunak dituzten pertsonen enplegagarritasuna eta laneratzea hobetzea helburu duen prestakuntza-enplegu programa.

Horrela, pertsona bakoitzarekin banaka lan egiten da, lan-merkaturako garrantzitsuak diren trebetasunak eta gaitasunak gara ditzaten, enpresen beharrak identifikatzen ikas dezaten eta taldean lan egin dezaten.

Era berean, prestakuntza osatzeko asmoz, parte-hartzaileek lanekoak ez diren praktikak egiten dituzte eskualdeko enpresetan. Antzeko prestakuntza- eta enplegu-programetan laneratzea %50ekoa da, hau da, parte hartzen duten pertsonen erdiek lan-kontratua lortzen dute.

Ekimena 2019ko abenduan hasi eta 2020ko maiatzean amaituko da. Prestakuntza-saioak egingo dira astean hiru egunetan, goizeko ordutegian, 09:30etik 13:30era.

Programa

Programa hiru fasetan garatuko da. Lehenengoa, gizarte-trebetasunei buruzko prestakuntza, talde-ekintzailetzako lan-dinamiken eta talde-coachingaren bidez garatzen da, eta enplegurako funtsezko gaitasunak hobetzea du helburu (komunikazioa, talde-lana, negoziazioa, erabakiak hartzea, arazoak konpontzea …), enpresek langileak hautatzeko prozesuetan eskatzen dituzten gaitasunak, alegia.

Bigarren faseak bezeroarentzako arreta du ardatz, prestakuntza osagarri bat, pertsonei zein enpresei zuzeneko salmenta- eta/edo aholkularitza-prozesuak hobetzeko.

Hirugarren fasean, berriz, laneratzeko banakako ibilbideak eta lanekoak ez diren praktikak landuko dira eskualdeko enpresetan, bai eta parte-hartzaileen profil bakoitzari egokitutako lanpostuak ere.

Informazioa eta izen-emateak

Interesdunek informazio gehiago eska dezakete Bidasoa bizirik-en Irungo bulegoetan (Ducoureau Jauregia, Hendaia 8). Izen-emateak www.elespazio.com webguneko ikastaroen atalaren bidez edo bulegoetan bertan egin daitezke. Programa hau Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen du.