Irungo eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik-en bidez eta Connect Innovation Bai! Europako proiektuaren barruan, Berrikuntza Plan bat garatu dute. / Bidasoa bizirik

Irungo eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik-en bidez eta Connect Innovation Bai! Europako proiektuaren barruan, Berrikuntza Plan bat garatu dute, Nekazaritzako Elikadura-Industriaren sektoreko enpresak eta eskualdeko tokiko produktua berrikuntzarekin eta espezializazio adimenduneko estrategiekin lotzeko.

Plan hura garatzeko, Bidasoa bizirik-ek, beste sektore batzuetako enpresekin ildo berean lan egin duenak, nekazaritzako elikadura sektoreko hamabost enpresekin lan sakona egin zuen lehenik, eta horiekin azterketa eta ekintza-plan indibidualizatuak egin zituen. Gainera, lurraldeko sektorearen AMIA diagnostiko orokorra egin zen, eta sektoreak oro har dituen joerak aztertu ziren.

Azterketa horietatik ateratako datuekin, berrikuntzari buruzko hainbat lantegi egin ziren gero, tokian tokiko nekazaritzako eta elikadura-industriako enpresei zuzenduak.
Plana egiteko lehen fase horretan, gainera, Basque Culinary Center-era eta Saint Palais-eko Lycée Errecart-eko Plataforma Teknologikora bisitak egin ziren, eta enpresa-topaketa egin zen Krea Bidasoa azokan berrikuntza-proiektuetan lan egiteko.

Lau ekintza-ildo

Horrekin guztiarekin, Bidasoa bizirik-ek Berrikuntza Plana garatu du Irunen eta Hondarribian, nekazaritzako elikagaien sektorerako. Plan hori jasotzen duen gaur goizean aurkeztutako dosierrean, lau ekintza-ildo aurkezten dira:

Alde batetik, dagoen enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzea, hau da, enpresei barne-kudeaketa eta emaitzak hobetzen laguntzea; sektoreko enpresak berrikuntzarekin lotzea; eraldaketa digitalean laguntzea eta tokiko jarduera ekonomia zirkularraren kontzeptu eta joerekin lotzea.

Bigarren ildoa tokiko produktua sustatzean eta balioan jartzean oinarritzen da; horretarako, enpresa-ehuna kontzientziatuko da marketinaren eta komunikazioaren garrantziaz, eta tokiko produktua sustatzeko eta sektorea aintzatesteko jarduerak sustatuko dira.

Nazioartekotzea, oraingoz Frantzian bideratua, hirugarren ekintza-ildoa da, eta horren barruan dagoeneko hainbat ekimen egiten ari dira Frantziako merkatuaren ezagutza sustatzeko, salmenta helmuga gisa, eta tokiko produktua erakargarri egiteko Frantziako bezeroentzat.

Puntu honetan, ‘Hona Ona’ proiektua nabarmentzen da Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak kofinantzatuta, eskualdeko ikuspegiaren ekarpenaren bidez sustapen ekonomikoa bultzatzeko programaren barruan. ‘Hona Ona’ proiektuaren helburua da enpresen lehiakortasuna hobetzea, beste lurralde batzuetako (Frantzia) jardunbide egokiak ezagutu ahal izateko, tradizioz hobeto kokatuta baitaude nekazaritzako elikagaien sektorean. Horretarako, otsailaren amaieran, teknika berritzaileenak ezagutuko dira produktuen kontaketari eta balio-proposamenari dagokienez. Era berean, kontakizunean lan egin ondoren, jarduera bateratua egitea aurreikusten da, eskuratutako ezagutzen kasu praktiko gisa.

Berrikuntza Planaren laugarren eta azken ildoa sektore arteko lankidetza proiektuak bultzatzean oinarritzen da.

Nabarmentzekoa da Bidasoa bizirik-ek dagoeneko beste sektore batzuekin Berrikuntza Estrategiak garatu dituela Connect Innovation Bai! proiektuaren barruan. “Gure lurraldean hain garrantzitsua den nekazaritza elikagaien sektoreak ere laugarren industria iraultzaren trenarekin bat egitea nahi genuen, gure eskualdea berrikuntzaren eta sormenaren alde egindako apustuagatik identifika dadin”, esan du Miguel Angel Paez Bidasoa bizirik-eko presidenteak.

Horren harira, Maria Serrano agentziako presidenteordeak adierazi du proiektuak “tokiko jendearentzat lanpostuak eta aukerak sortzea” bilatzen duela, “Ekintzailetzaren, berrikuntzaren eta sormenaren bidez”.

Bestalde, Mariana Salomon eta Estitxu Elizasu, Garua ogi-lantegi eta kafetegikoak, Gure Gourmet proiektuan eta Estrategia hau garatzeko nekazaritzako elikagaien sektorearen balio-katearen azterketan parte hartu zutenak, “oso pozik” agertu dira proiektu honekin. “Gure enpresari egindako AMIA analisia oso baliagarria izan zitzaigun norantz jo jakiteko. Gainera, Bidasoa bizirik-en laguntza oso baliotsua izan da; izan ere, gurea enpresa txikia denez, eta dena guk egiten dugunez, ez dugu beti denborarik izaten garrantzitsuak ere diren beste gauza batzuentzat, eta agentziak asko lagundu digu horretan. Beraz, ziur gaude hemendik aurrera antolatzen den guztian parte hartzen jarraituko dugula”.

Azkenik, azpimarratu behar da Connect Innovaction Bai! Proiektua Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) kofinantzatu duela,% 65, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bidez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugaldeko integrazio ekonomiko eta soziala indartzea da. Mugaz gaindiko ekonomia, gizarte eta ingurumen-jarduerak garatzen laguntzen du, lurralde-garapen iraunkorraren aldeko estrategia bateratuen bidez.

Parte-hartzaileak

Plan hau garatzeko parte hartu duten enpresak honako hauek izan dira:

– Bidassoa Basque Brewery
– Hiruzta Upategia
– Lacteos Doncel
– Ogitxu Okindegia
– Ipardis
– Garua Artisau Ogi-Lantegia
– Agrocomercial Uranzu
– Vinos Gaztelumendi
– La Barajilla
– Bacalaos Azkuene
– Oihanalde
– Breen Breeded in Green
– Txangu2 Gourmet
– Sukaldaris y Bocados
– Bidart S. Coop