Rodrigo Salinas. / Arrate Morales

Bidasoa Irun (13+14) 27: Sierra, Cavero (2), Crowley (6), Racotea (2, 1 p.), Serrano (2), Salinas (6), Azkue (3, 1 p.); Ledo, Santano (1), Gey-Emparan, Julen (2, 1 p.), Nieto (1), Da Silva (1), Tesoriere (1), Urruzola, Bonanno.

Helvetia Anaitasuna (10+15) 25: Bols, Meoki, Torriko (5), González, Chocarro, Fischer (1), Izquierdo (2, 1 p.); Cancio, Gastón (1), Fernández (4), Ganuza (1), Etxeberria (3), Redondo (3), Dashko, Albizu, Del Arco (5).

Partzialak: 1-1, 3-3, 6-5, 8-6, 10-9, 13-10; 17-13, 19-15, 20-18, 22-19, 24-19, 27-25.

Epaileak: Álvarez Mata eta Bustamante López. Etxekoen aldetik Racotea eta Bonanno zigortu dituzte bi minutuz; eta Fischer, nafarren aldetik.

Bestelakorik: Sacyr ASOBAL Ligako 21. jardunaldia Artalekun. Ateak itxita pandemiarengatik ezarritako murrizketak medio.

Bidasoa Irunek garaipena lortu du larunbat honetan Helvetia Anaitasunaren aurka jokatutako derbian (27-25). Talde gipuzkoarra ia hasieratik izan da nagusi, behin nafarren hasierako aldeak berdindu dituztenean. Lau minutu behar izan ditu etxeko taldeak lehenengo gola sartzeko Iker Serrano kapitainaren bidez, baina atzean sendo egonda José Manuel Sierra atepean, urretxuarraren gola banako berdinketa lortzeko balio izan du.

Hamargarren minutua pasata lortu du Helvetia Anaitasunak azkenekoz aurretik jartzea (3-4). Hortik aurrera, Bidasoa Irunek partzial txiki baina garrantzitsuak lotzea lortu du: Rodrigo Salinas, Adrián Crowley eta Matheus da Silvak jarraian sartutako golek lehenengo errenta esanguratsua jarri dute markagailuan 15. minuturako. Aldaketak aldaketa, hiru golekoa izan da aldea atsedenaldian (13-10).

Kauldi Odriozola, Sergio de la Salud eta Mikel Zabala harmailan, eta Julen Aginagalde eta Iker Serrano azken egunetan min hartuta, Cuétarak harrobiko hainbat jokalari erabaili ditu neurketan zehar, rotazio sistemaren baitan. Gorka Nieto, Martín Santano, Tao Gey-Emparan eta Julen Urruzola deialdian zeuden.

Bigarren zatiak gol gehiago izan ditu, batik bat hainbat gol jokaldi azkarrak egon baitira. Hala ere, Bidasoa Irunek jarraitu du neurketako erritmoa ezartzen. Horrek bost goleko abantaila izatera eraman du Jacobo Cuétararen taldea (17-12, 19-14, 20-15; azken hau, 40. minutuan).

Azken saiakera egin du orduan talde nafarrak, eta 0-3 partzial baten bitartez markagailua estutu du (20-18, 44. minutua). Gauzak horrela, berdintasuna izan da berriz nagusi azken laurdenean, nahiz eta 54. minutuan Salinasek sartu dituen sei goletatik bosgarrenak bost goletako errenta berrezarri duen. Horrek azken minutuak lasaiago jokatzeko aukera itzuli die bidasotarrei, amaierako 27-25ra arte.

Bidasoa Irunen hurrengo neurketa datorren larunbatean izango da, eguerdiko 12:00etan (Gol TV), Bada Huescaren aurka.