Zumeaga, Zubitur, Santano eta Aginagalde. / Txingudiko Zerbitzuak

Txingudiko Zerbitzuak eta Bidasoa KE-ko ordezkariak astelehen honetan bildu dira Irungo Artaleku kiroldegian, diseinatu berri duten ingurumen agendak jasotzen dituen ekintzak ezagutzera emateko. Ekintza horiek martxan jarriko dira Sacyr ASOBAL ligaren bigarren bueltan, hau da, asteazken honetan ospatuko den Abanca Ademar León-en aurkako partidoan.

Ingurumen hezkuntzari dagokionez, bi erakundeen arteko kolaborazio ibilbidea luzea izan arren, oraingoan haratago joan dira eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, jasangarritasunaren ikuspegi globala duen Ingurumen Agenda diseinatu dute. Honen helburua da Bidasoa KE-an ingurumen kultura txertatzea eta horri esker hondakinen kudeaketan eta uraren kontsumoan hobekuntzak lortzea.

Txingudiko Zerbitzuakek ibilbide osoan zehar lagundu du kirol elkartea. Leire Zubiturrek, erakunde publikoko gerenteak azaldu duenez, lehendabizi diagnosia egin zen partidotara doazen pertsonen hondakinak kudeatzeko ohiturak aztertzeko. Ondoren, emaitza horien arabera Agendako ekintzak diseinatu ziren. “Txingudiko Zerbitzuaken lana, batik bat, aholkularitza ematea eta Agendaren diseinuan bidelagun izatean oinarritu da. Analisia egin dugu, baliabideak eskaini ditugu eta hemendik aurrera Agenda modu autonomoan kudeatu dezatean jarraibideak eman dizkiegu”. Zubiturrek gaineratu du, aurreko urtean abian jarri zuen lan ildoaren barruan kokatzen dela ekimena, non eskualdeko bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten gizarte eragile ezberdinak identifikatzen diren, besteak beste, eskolak, dendak, ostalaritza, gastronomia elkarteak, etab. beraiekin elkarlanean aritzeko.

Gurutz Aginagaldek, Bidasoako presidenteak, adierazi du “gizartean ere birziklapen eta ingurumenaren aldeko apustua handitzen joan da eta gure kirol elkartea ezin da atzean geratu. Etxean bezala, neurri txikiak hartu ditugu hondakinak hobe kudeatzeko, izan ere, Artalekura gatozenean etxean ditugun ohitura berdinak mantendu behar ditugu”.

Hori dela eta, Txingudiko Zerbitzuakek edukiontzi hori eta berdea gaikako bilketa ahalbidetzen duten hiru puntuengatik ordezkatuko ditu. Puntu horietan ontzientzako edukiontzi horia, hondakin organikoentzako marroia eta errefusarentzako berdea aurkituko dute. Hondakinen kudeaketa hobetzeko helburuarekin ere, aldageletako edukiontziak aldaktuko dira eta gehiago ezarriko dira, orain arte errefusa besterik ez zen jasotzen. Tabernan ere bertako langileen laguntzarekin antzeko lana egingo da. Horrez gain, paper poltsen banatzaile bat ezarriko da, harmailetan kontsumitu ohi diren produktuak jasotzeko, pipak, besteak beste.

Azkenik, nabarmentzekoa da ere txalotzeko gailu berrerabilgarrien banaketa eta elkarteko kideei, egunerokoan zein partidotara eramateko, emango zaien poltsa berrerabilgarria. Aurki ere, Artalekuko komunetan ontzi berrerabilgarrien banatzaileak ezarriko dira, iturriko ura modu erosoan edan ahal izateko. Azkenik, José Antonio Santanok, Txingudiko Zerbitzuakeko presidenteak, adierazi du harro egoteko modukoa dela ingurumenarekiko sentsibilitatea duen kirol elkartea izatea eskualdean, “kirolaren esparruak esateko eta egiteko asko du ingurumen hezkuntzaren arloan. Bidasoa erreferentea da eskualdean eta ondorioz eragile izan daiteke jarraitzaileen ohiturak aldatzeko garaian”.