Iker Eizagirre, Hiritik At kooperatibako kidea. / Hiritik At

Hiritik At-etik (Olatukoop sareko partaide bezala) eta Batura (ESE mapa proiektutik) zortzi hilabete daramatzate gure eskualdean ESE-ren inguruko proiektu bat lantzen. Proiektu hau, ESE-ren inguruan azken urtetan egindako zenbait ekimenen aurrekaria du (KoopFabrika edo agrokooperatzen estaterako) eta horiek irekitako bidea egonkortzera dator. Laburtuz, aipatutako prozesuak bi xede nagusi ditu:

– Gure eskualdean ESE-ren filosofia eta praktiketan martxan dauden enpresak identifikatu eta ikustarazi

– Inter-kooperazio jardunaldi batzuk gauzatu, gure eskualdean ekonomi eredu berri eta justuago hau nola kontsolidatu ikusteko

Azken zortzi hilabeterako lanak eman du bere fruitua. Lehen zatia amaitu da eta 40 enpresa identifikatu ostean, horietako 25-ekin elkarrizketak egin, eta ESE-ren parametroen baitako ebaluazio lana egin da.

Jardunaldiak

Orain, bigarren zatia gauzatzeko jardunaldiak burutuko dira. Hau bi egunen bitartez burutuko da:

Maiatzak 12, 10:30tan Palmera Montero gunean

Ekonomia Sozial Eraldatzailea Bidasoan: prozesu guztia labur azaldu ostean, Kataluniatik etorritako Pam a Pam-eko kideak eta Euskal Herriko Olatukoop sareko kideak izango dira beren saretze esperientzia azaltzen.

Maiatzak 18, 19:00tan Palmera Montero gunean

ESE-ren baitako inter-kooperazio abaguneak Bidasoan: tailer baten bidez, deialdia jasoko duten kideen artean, gure eskualdean elkarlanaren bitartez ESE eremua indartuz, tokiko enpresak nola indartu ditzakegun aztertuko da.