Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkatea. / Hondarribiko Udala

Hondarribiko Udaleko gobernu taldeak uztailean egingo den ez ohiko osoko bilkurara VISESArekin sinatu beharreko hitzarmen proposamena eramango du, Biteri kalean dauden Presa I eta Presa II orubeetan 118 babes ofizialeko etxebizitza eraikitzeko asmoarekin. Hala eman du aditzera gaur Hondarribiko alkatea den Txomin Sagarzazuk, inguruan bertan egindako prentsaurrekoan.

“Hitzarmen proposamena gaur bertan landu dugu Udalerria batzordean. Hurrengo urratsa plenora eramatea izango da”, dio Sagarzazuk. “Argi utzi nahi dut hitzarmen honek alokairuko etxebizitzen aldeko apustua egiten duela, eraikiko diren 118 etxebizitzetatik 76 (%64) alokairukoak izango baitira eta beste 42 (%36) salmentakoak. Ez dugu ahaztu behar ere, datozen asteetan Muliate II fasean eraiki diren 65 babeseko etxebizitzak entregatuko direla. Horietatik 33 alokairukoak dira eta 32 salmentakoak”.

“Udalak bi partzelak VISESAri entregatuko dizkio. Presa I Talaia Biteri ikastetxearen aurrean dago eta Presa II Jostaldi pilotalekua eta Haizederreko etxebizitzen artean. Aurretik eman behar diren urratsak eta gero eraikuntza fase guztiekin, hiru urteren buruan amaituak egon daitezkela pentsatzen dugu”, gehitu du Sagarzazuk.

“Presa I orubean 84 etxebizitza egingo dira, 42 alokairukoak eta beste 42 salmentakoak. Presa II-an aldiz, 34 etxebizitza egingo dira, alokairu sozialekoak. Udalaren helburua, azken hauetatik bi heren 35 urtetik beherakoentzat izatea, eta heren bat familientzat zuzenduta. Alokairuko etxebizitzak egiteko Udalak 864.000 euro jarriko ditu, Presa I-eko 42 etxebizitza bakoitzagatik 6.000 euro eta Presa II-ko 34 bakoitzagatik 18.000€. Apustua egiten dugu alokairuko etxebizitzen alde, aipatutako diru kopurua jartzeaz gain lur-zoruak ere eskaintzen ditugu eta”, dio Sagarzazuk.

230 plazako lurpeko aparkalekua

Hitzarmenean jasotzen den moduan, VISESAk Biteri ikastetxearen aurreko orubearen azpian, 230 autoentzako aparkalekua eraikiko du. “188 errotaziokoak lirateke eta 42 salmentakoak. Udalaren helburua, aparkaleku honek disuasio efektua izatea da, eta kargatuak egon daitezken beste gune batzuk arindu. Argi utzi nahi dut, Udalari VISESAk aparkalekuaren estruktura emango digula, eta barneko egokitzapenak gure esku egongo direla”.

Azkenik, VISESAk udalari Presa I-ean aterako den 300 metro karratuko lokal baten erosketa erreztuko dio, lehentasun eskubidea eskainiz.

378 babeseko etxebizitza azken urteotan

Presako bi fase hauekin, Hondarribiko Udalak azken sei urteotan 378 babes ofizialeko etxebizitza eraikitzeko sustapen lanak egin ditu. “Muliateko lehen fasean babeseko salmentako 170 eraiki ziren eta alokairuko 25; Muliateko bigarren fasean 33 eta 32 dira eta orain beste 118. Kontutan hartzeko moduko zifretan mugitzen ari garela uste dut”, amaitu du Sagarzazuk.