Silanes eta Sagarzazu. / Hondarribiko Udala

Hasi dira Bitoriano Juaristi kalean eskola ingurunean irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzeko helburua duten berriritartze lanak. Honen berri emateko prentsaurrekoa egin da gaur, eta bertan izan dira Txomin Sagarzazu alkatea eta Kalixa Silanes Hezkuntza eta Ingurumen zinegotzia.

“Aurretik Ama Guadalupekoa Ikastetxearekin adostuta genuen kale honetan interbentzio bat egitea eta autoak erretiratzea. Orain bizitzen ari garen momentuetan, ‘Mugi Zaitez’ proiektuaren barnean bete-betean sartzen den ekimena da”, esan du Txomin Sagarzazu alkateak. “Bertako komunitateari begira dagoen egitasmo bat da, ikasle, irakasle, eta gurasoei begira, eta beti ere bertako bizilagunak kontutan izanda. Planaren gakoetako bat eskola-inguruneak bizigarriagoak izatea da, eta seguruagoa. Uste dugu hobekuntza bat izango dela eta asmo horrekin ari gara lanean”.

Oinezkoentzako kalea

Bitoriano Juaristi kalea. / Hondarribiko Udala

“Proposamenak irisgarritasun, segurtasun eta erakargarritasun arazoak konpontzeko asmoa du, pintura eta hiri-altzarietan oinarritutako esku-hartzearen bidez, horrela bertan egotea, jolasa eta oinez eta bizikletaz mugitzeko erosotasuna erraztuz” gehitu du Juan Luis Silanes Hezkuntza eta Ingurumen zinegotziak.

“Duela hilabete batzuk eman genuen proiektu honen berri. Bilera partehartzaile bat deitu genuen, pasa den urteko irailean egin zena, kalean bertan. Jende asko hurbildu zen eta oso positiboa izan zen ideia asko jaso baitziren”.

“Orduan jaso ziren ekarpenekin proposamena egokitu egin da, eta ondoren obrak hasi dira, 40.000 euroko aurrekontuarekin eta bost asteko iraupenarekin. Oinezkoentzako kalea izango da Bitoriano Juaristi, eta soilik bertan garajea daukatenak sartu ahal izango dira autoz”.

“Orain abian dagoen obra zibila amaitzean, lurra margotu egingo da erronbo batzuekin, oinezkoek lehentasuna daukatela argi geratu dadin. Helburua argia da, eskola inguruetan segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzea”.