Bere oroimenean Irunen egingo den erakusketak ikerketa onkologikorako funtsak bilduko ditu. / AECC Gipuzkoa

Duela zortzi urte minbizi baten ondorioz Irunen hil zen Carlos Las Heras margolariaren sendiak bere lan artistikoaren zati bat AECC Gipuzkoari dohaintzan ematea erabaki du. Zehazki esanda, ikerketa onkologikoko proiektu baterako eman du. Arrazoi hori dela eta, Minbiziaren aurkako Elkarte honen Bidasoako Batzordeak ongintzako helburuak dituen erakusketa antolatu du eta artistaren berrogeita hamar margolan inguru egongo dira bertan ikusgai. Erakusketa abenduaren 4tik 15era bitartean egongo da irekita ekimen solidario honetarako egokituta dagoen lokal batean, Irungo Argentinar Errepublika kaleko 8. zenbakian.

Las Herasen olio-pinturek Bidasoa eskualdeko txoko ugaritako ikuspegi oso berezia eta errealista eskaintzen dute, eta emandako koadroen artean, besteak beste, Hondarribiko, Plaiaundiko, Junkal elizako edo inguruko baserrietako paisaiak daude. Erakusketak natura hilen lanak eta toki enblematiko batzuk ikus daitezkeen pinturak biltzen ditu: Pariseko zubi bat, Pirineoetako ermita bat edo Baionako katedrala, esate baterako. Oso ohikoa zen margolaria margotzeko materiala hartuta kalean ikustea inguruko paisaiak jasotzen. Ondoren, lan haiei azken ukitua ematen zien Dunboa auzoan zuen estudioan. Bertan dauden koadro guztiak eta haien neurriak eta prezioak interneten daude ikusgai, www.aecc.es/carloslasheras helbidean.

Carlos Las Heras 1936an jaio zen Decazevillen (Frantzia). Gaspar Montes Iturrioz maisuak eman zizkion marrazketako lehen lezioak, eta grabatuen teknikak, aldiz, Ana Izura maisuak. Ibilbide artistikoa 1972an hasi zuen Avilako Pintura Bienalean eta Gasteizko Plastikako Bienalean egin zituen lehen erakusketekin. Palmera fabrikan egiten zuen lana pinturarekiko zuen zaletasun nekaezinarekin uztartzen zuen Las Herasek. Carlos Las Heras Bidasoako Pintoreen Otzazki Elkartearen bazkide sortzaileetako bat izan zen Nestor Barrenetxearekin, Fernando Artola ‘Bordari’rekin eta Eduardo Díez Salaver bere lagun leialarekin batera (beste hainbat artistarekin batera). Bere bizitzako azken urteetan, banakako erakusketak maiz egin zituen Gipuzkoa osoan, Gasteizen, Zaragozan eta Madrilen.

Ekimen honen bidez bildutako dirua AECC GIPUZKOA 2019 Erronkaren baitan sartuta dagoen ikerketa-proiektura bideratuko da. Erronka horren arabera, minbiziaren aurkako elkarteak 160.000 euro lortu nahi ditu Nafarroako Unibertsitatea Klinikako Ignacio Melero doktorea immunoterapiaren inguruan zuzentzen ari den proiektuan inbertitzeko. Dagoeneko 129.000 euroko zenbatekoa gainditzea lortu dugu, baina amaierako txanpan gaude, urtea amaitzeko hilabete baino gutxiago falta baita. Dohaintza partikularrak egin nahi dituzten pertsonek Internet bidez ere egiteko aukera dute helbide honen bidez: www.retoaeccgipuzkoa.com.

Gainera, bitxikeria moduan, AECC Gipuzkoari laguntza emateko bere burua eskaini duena Irungo bizilagun bat izan dela aipa dezakegu. Bera izan da salgai zuen lokala erakusketa egiteko elkarteari eskuzabaltasunez eskaini diona. Erakusketarako ordutegia 11:00etatik 13:00ak artekoa, eta 16:30etik 19:00ak artekoa izango da astelehenetik ostiralera, eta 11:00etatik 13:00ak artekoa larunbat eta jaiegunetan.