Meakako Adixkideak taldeak bultzatzen duen "Irunen mutxikoak eta dantzak" ekimenaren esparruan kontzertu bat egingo da igandean. / Irungo Udala

Juncal Eizaguirre Kultura ordezkariak gaur goizean jakinarazi du Kultura arloak lagundu duela “Agirretxetarrak, Gipuzkoako dultzainaren testigantza” disko-liburuaren argitalpenean. Agirretxe anaiak dultzaineroei buruzkoa da diskoa, haiek hiriarekin guztiz loturik baitzeuden, besteak beste, ekainaren 29an, San Pedro egunean, egiten zuten saioagatik. Aurkezpen honetan Juncal Eizaguirrerekin batera izan dira Juan Mari Beltrán, diskoa argitaratu duen Soinuenea Fundazioaren bultzatzailea, José Luis Agirretxe, Agirretxe familiaren ordezkari gisa, eta Joxemi Aranburu, Meakako Adixkideak taldeko lehendakaria.

“Disko honen proposamena jaso genuenean, iruditu zitzaigun aukera ezin hobea zela laguntzeko eta Agirretxe anaiek hiriarekin duten loturari balio handiagoa emateko, eta bide batez, hirian dultzaina zabaltzen laguntzeko. Horretarako, Meakako Adixkideak taldeak hilean igande batean antolatzen dituen jardueren eskutik ekimen hori guztia kontzertu batean biltzea baino modu hoberik ez dago”, adierazi du Juncal Eizaguirrek.

Zehatz esateko, “Agirretxetarrak, Gipuzkoako dultzainaren testigantza” disko-liburua Soinuenea Fundazioak argitaratu du, euskal musika tradizionala bultzatzeko lan egiten duena, eta kasu honetan omenaldi txiki eta bihozti hau egin nahi zaie Agirretxe anaiei. CD honek badu atal bat partiturekin ere, eta batik bat Joxe Mari (1883-1967) eta Alejandro Agirretxeren (1893-1977) aipamena egiten du, familian haiek izan baitziren aitzindariak.

Agirretxe familiari buruz

Errezilen jaioak, herriz herri ibili ziren erromerietan eta berehala nabarmendu ziren dultzaina jotzeagatik. “Zozoarro” deituriko danbolinteroarekin batera, “Los Gaiteros de Régil” izeneko hirukotea osatu zuten, eta halako ezaugarriak zituen talde nagusia izan zen Gipuzkoan XX. mendearen lehen erdialdean eta lehen diskoak grabatu zituzten. Handik gutxira “Zozoarrok” taldea utzi zuen eta hirugarren anaia sartu zen, José Manuel Agirretxe (1897-1986) eta tradizioa erakutsi zien beren ondorengoei.

Alejandro hil ondoren, beste bi anaiek Irungo Uranzu Dultzaina Taldea sortu zuten, gero Agirretxe Anaiak/Hermanos Agirretxe bilakatu zena. Danbolintero gisa honako hauek izan zituzten, hurrenez hurren, Manuel Lusa, Agustín Ibañez, Iñaki Agirretxe eta Edurne Agirretxe. Jai eta ospakizun askotan jotzen zuten Irunen (Sanmartzialetan, Euskal Jiran, auzoetako jaietan…) nahiz inguruetan, eta 1981. urteaz geroztik San Vicente de Pauleko majorettei ere laguntzen zieten.

Kontzertua Meakako Adixkideekin

Kolaborazio hau osatzeko, Meakako Adixkideak taldeak bultzatzen duen “Irunen mutxikoak eta dantzak” ekimenaren esparruan kontzertu bat egingo da diskoa ezagutzera emateko. Hitzordua igande honetan izango da, martxoaren 4an, 12:00etan, San Juan plazan eta Meakako Dultzaineroak taldeak eta Irungo Txistulari Taldea- San Juan Harri Elkarteak hartuko dute parte. Diskoa https://www.soinuenea.eus/es/ web orrian eros daiteke.