Hondarribiko Udalak 28.000 metro koadroko outlet proiektua abian jartzeko dekretua onartu zuen maiatzaren 26an. / Abotsanitzen Facebook orrialdea

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrak ofizialki eska dezan Zaldunbordan makro-outlet bat eraikitzeko proiektua bertan behera uzteko eta instituzioek bide legal guztiak jorra ditzaten egitasmo hori gelditzeko, besteak beste, “eskualdeko merkataritza txikia desagertzeko bidean kokatuko lukeelako”, Iker Casanovak ohartarazi duenez.

Hondarribiko Udalak (EAJk gehiengo osoa du bertan) 28.000 metro koadroko outlet proiektua abian jartzeko dekretua onartu zuen maiatzaren 26an, hain justu Legebiltzarrak aho batez saltoki handiak mugatzeko legea onartu bezperan. Casanovaren iritziz, “horrek, dekretua presaka eta korrika onartzeak, frogatzen du Hondarribiko Udalak legearen efektu murriztaileak saihestu nahi izan zituela, ondo baino hobeto zekielako behin legea onartuta outlet hori ezinezkoa izango zela; hau da, bere dekretua biharamunean onartu zen legearen helburuen aurka doa, Parlamentuan lortu genuen aho bateko akordio politikoaren kontra. Finean, EAJko alkateak interes ekonomiko pribatuak Legebiltzarraren borondate demokratikoaren gainetik ipini ditu”.

EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri duenez, Hondarribian bertan oposizioko talde guztiak proiektuaren kontra agertu dira, makro-outlet horrek eragingo dituen kalteak zuzenean pairatuko dituen ondoko udalerrian, Irunen, alegia, oposizioa erabatekoa da, EAJ barne, eta Gipuzkoako Aldundian ere Sustapen Ekonomikorako diputatu jeltzaleak aitortu du ez duela gustuko proiektua. “Bistakoa da EAJ barruan ere proiektuak kritikak, tirabirak eta desadostasunak sortu dituela, eta horrek argi uzten du proiektua polemikoa ez ezik, desegokia eta kaltegarria ere badela”. Horren haritik, azaldu du Casanovak, “Zaldunbordako egitasmoak trafiko arazoak areagotuko ditu zonaldean, sekulako kolpea izango da eskualdeko merkatari txikientzat eta hiriguneak husteko joera areagotuko du, lurralde antolaketa orekatua eragotziko du eta balio naturalak ere suntsituko ditu”.