Igor Enparan, Lupe Queiruga eta Estitxu Urtizberea. / Abotsanitz

Hilaren 28an bozkatuko da 2020ko udal aurrekontua eta aurrekontu horretan ez da azaltzen diru-partida izendunik blues jaialdirako. Hala adierazi du Abotsanitz taldeak komunikabideetara bidalitako prentsa ohar batean. «Txomin Sagarzazu alkateak diru-partida hori jartzeko prest zeudela esan zuen urrian».

«EAJk egin duen aurrekontu proposamenetik desagertu egin da blues jaialdiaren diru laguntza izendunaren 300.000 euroko partida. Horren ordez, antzerako kantitate batekin (295.600 euro) puztu dute Merkataritza eta Turismo Jardueren partida orokorra. Hau da, Turismo departamentuak nahi duena egin dezake lehen blues jaialdirako zen diruarekin. Esango dute Merkataritza eta Turismo Jardueren partida blues jaialdirako bideratu daitekeela, esango dute nahi dutena, baina blues jaialdia desagerrarazteko lehen erabakia hartu du Hondarribiko udal gobernuak».

Abotsanitz Udal Taldeak jaialdia iraunarazteko lau baldintzetan oinarritutako proposamena egin zuen urria hasieran, «eta oraindik baliagarritzat jotzen dugu, baina EAJk lehen aukera aprobetxatu du lurperatzeko. Hausnarketa egin behar zela esan zuen alkateak, baina oposizioko lehen alderdiarekin behintzat, ez dute ezer hausnartu. EAJk hartu du erabakia».