Irungo Udala. / Martin Tellechea

Irungo Udalak jakinarazi du datorren asteartetik aurrera (abenduak 3), Eguberrietako argiek piztuko dituztela hiriko kaleak. Argiak pizteko ohiko ekitaldia egun horretan izango da, 18:30ean, San Juan plazan. Lehendabizi, Irungo Udal Kontserbatorioaren emanaldia izango da, akordeoien orkestraren eta Musika Eskolako abesbatzaren eskutik, plazan ezarritako oholtzan.

Emanaldia amaitu bezain pronto, ohi den bezala, eskola bateko ume talde batek -José Antonio Santano Irungo alkatearekin batera- sakatuko du argiak pizteko botoia, zeina plazan kokatua baitago, eguberrietako apaingarriez dekoratutako barruti txiki batean. Oraingo honetan, Toki Alai ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak izango dira Eguberrietako argiak pizteko arduradunak.

Urtarrilaren 6ra arte

Eguberrietako argiak urtarrilaren 6ra arte, egun hori barne, egongo dira hiriko kaleak apaintzen. Zentrora eta merkataritza guneetara iristeaz gain, asmoa da dekorazioa urtero bezala Irungo auzo guztietara heltzea. Aurtengo aurrekontua handiagotu da, eta 91.960 euro erabiliko dira argiteria hiriko gune gehiagotan indartzeko, eta, nagusiki, zuhaitzak apaintzeko eta Irungo kale eta biribilgune gehiagotara iristeko.

Aurten guztira eguberrietako 284 apaingarri jarri dira: 88 arku, 177 unitate farola eta zuhaitzetan, eta biribilgune eta gune berezietan 19 multzo. Bestalde, ohikoa denez, erabiliko diren materialak eraginkortasun energetikoa laguntzen eta kontsumo elektrikoa murrizten dute, gutxiago kutsatzen duen sistema baten alde apustu eginez, batez ere LED teknologiako argiak (mikrobonbilak, argi-haria, lanpara, eta abar).