José Cayetano Díez, Jokin Melida eta Dani Berasategi. / Irungo EH Bildu

EH Bilduk Irungo sozietate publikoetan aniztasuna falta ikusten duela plazaratu du gaur goizean egindako prentsaurrekoan.

“EH Bilduk badu bere hiri proiektu propioa. Datozen hilabeteotan honen zehaztapenean arituko gara, eta gonbidatu nahi ditugu herritar guztiok honen parte izatera”, dio EH Bilduko bozeramailea den Jokin Melidak.

“Udal honetan 5 alderdi ezberdin gaude, bakoitzak bere herri proiektuarekin. Eta aniztasun hori azken hilabetotan nabarmendu da udaletxe honetan, gehienbat, udal gobernuaren haustura gertatu zenetik. Aniztasun hau, gure ustez, zintzotasunez, sozietate publikoetan ere islatu behar da. Gaur egun, jakingo duzuen bezala, PSE-EE da guztietan agintzen duena, eta horrek ez dio erantzuten egungo errealitateari. Beraz, Irungo EH Bildun hausnarketa bat egin dugu, eta proposamen bat ekarri nahi izan dugu, zuekin, gainontzeko alderdiekin eta oro har, herritarrekin partekatzeko. Proposamen honek, gure iritziz, dagoen aniztasuna islatzen du era justuago, ekitatiboago eta proportzionalago batean. Proposamen hau ez doa inoren aurka, guztion alde baizik. Udalean dauden udal alderdi guztiak aintzat hartuak izan daitezen saiakera bat baino ez da. Guztiok gara Irun, guztiok izan beharko genuke gure herria modu batean zein bestean kudeatzeko aukera. Guztiok ikasi behar dugu konpartitzen, akordioetara iristen, eta ekarpenak begirunez onartzen”.

Zergatik orain

EH Bilduren ikuspuntutik, udalaren errealitatea koalizio gobernuaren haustura gertatu zenetik aldatu da. Legegintzaldia bukatzeko urte bete baino gehiago gelditzen da. “Gure asmoa ez da honetara mugatzea, egunez egun politika egiten jarraitzea baizik. EH Bildun beti egon gara irundarron interesen alde, eta herritarrei adierazi nahi diegu honela jarraituko dugula, proposamenak mahai gainean ipintzen. Horretarako, beharrezkoak diren babesak bilatzen ahaleginduko gara, inor baztertu gabe. Gaurko proposamena guztiontzat onuragarria delakoan gaude. Horregatik ez genuke ulertuko inor proposamen honen aurka posizionatzea, are gehiago, gure proposamen honek, indar korrelazioa modu egokiagoan aurkezten duelakoan gaude. Planteatzen ditugun aldaketekin sozietate hauen dinamikak hobetu nahi ditugu, gure zein edozein alderdiren ekarpena kontuan hartuta izatea da helburua”.

EH Bilduren proposamena

EH Bilduren proponsamena honako hau da:

– Txingudiko Zerbitzuen Mankomunitatea: orain arte bezala

– Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Patzuergoa: orain arte bezala

– Bidasoako Garapenerako Ajentzia: Irundik 6 kide daude, PSE-EE 2, EAJ 1, SPI 1, PP 1, EH Bildu 1. Proposamen berria: PSE-EE 1 izatera pasako litzateke eta EAJ 2, gainontzekoak berdin

– Bidasoako Erakustazoka: 7 kontseilariz osatuta dago gaur egun, 3 PSE-EE eta besteak bana. Proposamen berria: PSE-EE 2, EAJ 1. SPI 1, PP 1, EH Bildu 2

– Irungo Etxebizitzarako elkarte publikoa: 7 kontseilariz osatuta dago gaur egun, 3 PSE-EE eta besteak bana. Poposamen berria: PSE-EE 2 izatera pasako litzateke eta SPI 2, gainontzekoak berdin

– Blaia Hileta Zerbitzuen Elkartea: 7 kontseilariz osatuta dago gaur egun, 3 PSE-EE eta besteak bana. Proposamen berria: PSE-EE 2 izatera pasako litzateke eta PP 2

Gainontzeko elkarte eta organismoetan gaur egungo egoera mantentzea proposatzen du EH Bilduk.