Jose Cayetano Diez (e), Jokin Melida eta Dani Berasategi. / Martín Tellechea

EH Bilduk modu irekian aukeratuko du hauteskundeetarako zerrenda eta datorren azaroaren 15ean bilera bat egingo du prozesu honen inguruko xehetasun gehiago emateko. Hala plazaratu dute gaur egun EH Bildu udaletxean ordezkatzen duten hiru zinegotziek.

“Denok dakigun bezala, datorren maiatzean legegintzaldi honetako zikloa bukatuko da, eta EH Bildun garbi daukagu une garrantzitsu bat ari garela bizitzen”, dio EH Bilduko zinegotzia den Dani Berasategik. “Legegintzaldiko azken hilabete hauetan atzean utzi ditugu zenbait gauza: hausturan bukatu zuen EAJ eta PSEren arteko koalizio gobernu bat; haustura honen ondorioak, hau da, PSE eta Santanoren hiri proiektua agortuta dagoela; eta gobernu ahula eta adostasunetara iristeko gai ez dena daukagula. Azken kreditu aldaketarekin gertatutakoa argigarria izan da. Oposizio talde ezberdinekin negoziatu ondoren, kreditu aldaketa alternatibo bat aurkeztea erabaki genuen, eta udal honetan inoiz ikusi izan diren proposamenak onartu genituen oso ezberdinak garen hiru alderdien artean. Eszenario honetan, PSEk erabat galduta ikusi zuen bere burua, eta bozketaz bozketa Irunen inoiz ez den egoera gertatu zen, oposizioak aurkeztutako proposamen guztiak aurrera atera zirela eta PSEk edo udal gobernuak aurkeztutakoak bata bestearen atzetik atzera bota egin zirela”.

Berasategiren ondoren Jose Cayetano Diez zinegotziak hartu du hitza. “Gure herriaren garapena dugu helburu, herri nortasuna galdu gabe. Gure proiektuan ez da kontenplatzen desarrollismo irrazionala, gure kaleen nortasuna ebatsi egin duena (adibideak: merkatari txikien desagerpena, kaleen tristura, mugikortasun arazoak, herri bizitasun falta…) Irunek jakin behar du nora joan nahi duen, baina bidai hori ezin da egin bidaiariei, hau da, herritarrei, galdetu gabe. Guk ez ditugu megaproiektuak nahi, ez behintzat hiritarren kontsentsuarekin kontatzen ez badute. Zenbat irundarrek dakite zer den Via Irun? Noraino sumatzen da irundarren ekonomian Ficobaren inpaktua?… Herritarren eta udal instituzioaren artean dagoen harresia hautsi beharra dago. Guk pertsona handiak nahi ditugu: herritar orok bizi kalitate duinak izan ditzala, herritar ahaldunduak… Eta ideia hauen bueltan ari gara gure proiektua garatzen”, adierazi du.

Bukatzeko eta maiatzeko hauteskundeei begira, EH Bilduko bozeramailea den Jokin Melidak esan duenez, “Irungo EH Bildun garbi dugu hauteskunde hauek garrantzitsuak direla Irun hobe bat egiten jarraitzeko. Hori dela eta, aste honetan honen lehenengo faseari hasiera eman diogu. EH Bilduk modu irekian eta parte hartzailean egingo diogu aurre hauteskunde prozesuari. Hori dela eta gurekin bat egin nahi duzuen guztiok gonbidatu nahi zaituztegu gurekin bide hau egitera. Datorren legegintzaldia EH Bildu ordezkatuko duen taldea guztion artean erabakiko dugu. Ilusio handiz hasten dugu fase hau, eta Irunen alde egiteko dugun indar eta ilusio hau kutsatu nahi dizuegu guztioi, politika egiteko modu berriak egon badaudelako, eta gelditzeko ekarri ditugulako. Horretarako esan nahi dizuegu datorren azaroaren 15ean bilera bat egingo dugula prozesu honen inguruko xehetasun gehiago emateko”.