Jokin Melida. / Irungo EH Bildu

EH Bilduk 70 lagun elkartu zituen atzo Palmera Montero Gunean egindako ekitaldian. Bertan Jokin Melida, Juan Karlos Izagirre eta Jon Iñarrituk hartu zuten parte.

Irungo alkategaia den Jokin Melida izan zen hitza hartzen lehena. Bere hitzaldia Irunen eman zen PSE eta EAJren arteko gobernuaren haustura gogoratuz hasi zuen, gobernu hura “proiekturik ez zuen eserleku trukea” zela adieraziz. Gobernua hautsi zenean, aldiz, “garai berri bat, eszenario berri bat ireki zen, momentu horretan herritarrek ikusi baitzuten Irunen beste gobernu batzuk eman zitezkeela”, esan zuen Melidak.

Gutxiengoan dagoen Irungo gobernua “noraezean doa, ez du proiekturik, ez du aurrekonturik eta paralisi egoera batean dago”, adierazi zuen Melidak eta gobernuak funtzio guztia arlo komunikatiboan jartzen duela nabarmendu zuen. “Marketing eta photocall garaiak omen dira. Baina esan bezala, azpian inongo proiekturik ez dago.”

Honen aurrean, Melidak argi utzi zuen EH Bilduk “herritarrak politika guztien erdigunean” jartzen dituen proiektu sendoa duela. Hala, EH Bilduk “Irun auzoetatik eraiki mahi du, herritarrekin, behetik gora” esan zuen Irungo alkategaiak.

Horretarako, Irungo EH Bilduk “freskotasuna, gaztetasuna, esperientzia eta aniztasuna” uztartzen dituen taldea duela ziurtatu zuen Melidak, baita taldea “ilusioz eta konpromisoz” ari dela ere. “Irun maite dugu eta Irun maitatzeko 62.000 modu daudela sinesten dugu, eta ez, batzuek patrimonializatu nahi duten bakarra, zuri beltzez”.

Irungo alkategaiak gogoratu zuen duela urte batzuk Iruñean ez zela aldaketarako aukerarik ikusten, azkenean aldaketa eman zelarik. “Irunen ere aldaketa eman daiteke, eta konbentzimendu osoz esan dezakegu, Irunen irabaztera aterako garela”.

Juan Karlos Izagirre. / Irungo EH Bildu

Jokin Melidaren ondoren, Juan Karlos Izagirre Ahaldun Nagusigaiak hartu zuen hitza. Izagirrek adierazi zuen EH Bilduk “proiekturik onena” duela “herritarrekin batera egiten dugulako” eta instituzioek herritarrek erabakitako proiektuak errespetatu behar dituztela esan zuen.

Gizarte arloaz ere mintzatu da Izagirre: “Onaldi epean” gizarte politiketan ematen ari diren murrizketak gogor salatu zituen eta argi utzi zuen: “gurekin ez da horrelakorik pasako”.

Azken hizlaria Jon Iñarritu, Kongresurako Gipuzkoako hautagaia, izan zen. Iñarrituk gogorarazi zuenez, “Maroto Gasteizko udaletik bota genuen, xenofoboa delako” , eta nabarmendu zuenez, ”horregatik digute horrenbesteko beldurra, esaten duguna betetzen dugula dakitelako”.

Madrilen egotearen garrantziaz ere mintzatu zen Iñarritu: “aurkariak ez gaitu Madrilen ikusi nahi, eta hori, bertan egon behar dugun adierazle ona da”.