Jose Cayetano Diez (e), Jokin Melida eta Dani Berasategi. / Martin Tellechea

Gaur goizean eman du prentsaurrekoa EH Bilduk Alderdi Sozialistaren aurrekontuei buruz bere iritzia emateko. “Aurrekoan esan genuen bezala, 2019ko aurrekontu hauek ez dira orain artekoak bezalakoak. Udal gobernuak ez du lehendabiziko aldiz gehiengorik, eta eszenario honek ate berri batzuk irekitzen dizkigu. Hori dela eta, gure proiektuak aurrera eramateko guztiokin hitz egin bai, baina negoziazioei dagokienez gobernuarekin inongo negoziazioetan sartuko ez ginela aipatu genuen. Udal gobernuarekin egindako aurreko negoziazioek utzitako esperientziak eraman gaitu erabaki hori hartzera, zeren azken urteotan adostutako zuzenketak edo ez dira bete, edo betetze maila adostutakoa baino askoz ere txikiagoa izan da. Era berean, zuzenketa batzuk aurkeztuko genituela esan genuen, eta hauexek dira, gaurko prentsaurrekoan aurkeztu nahi ditugunak. Hauek aurrera atera ahal izateko oposizioko lan taldeekin negoziatuko genuela esan genuen, eta hauxe egiten jarraitzen dugu”, hasi dute esaten EH Bildutik.

Koalizioak 25 zuzenketa partzial erregistratu ditu, hiri proiektuaren irudia izan nahi dutenak. “Irungo EH Bilduk hiri eredu bat diseinatu du azken hilabeteotan eta zuzenketa hauek gure proiektuaren ardatzen isla dira. Eragile eta elkarteekin egin dugu lan. EH Bildun garbi dugu gure proiektua, herritarron proiektua izan behar dela, eta horretarako, saio presentzialez gain, Irungo eragile eta elkarte desberdinekin izandako harremanetan ateratako proposamenak bihurtu ditugu zuzenketak”.

Zuzenketak

– Gazteria: Talka plana proposatzen du. “Gazteria da udal gobernu honek ahaztu duen sektorea. Irunek gazteriari dedikatzen dizkion zerbiztuak urriak dira oso, eta EH Bildun joera hori aldatu nahi dugu, gazteentzako zerbitzu eta aktibitateak hobetuz eta areagotuz, eta teknikari baten kontratazio batekin, guztira: 200.000 euro”.

– Etxebizitza: Edozein etxebizitza politika aplikatzeko behar beharrezkoa da etxebizitza hutsen errolda fidagarri bat edukitzea, EH Bilduren iritziz. “Horrek ahalbidetuko digu bakarrik plan integral bat diseinatzea. Hauxe da gure zuzenketarekin eskatzen duguna. Bide batez, emigrazio eraikinean prozesu parte hartzaile bat egitea eskatzen dugu, auzoak eta irundarrok orokorrean izan gaitezen eraikin horrekin zer egin nahi dugun erabakiko dugunok: 170.000 euro”.

– Ongizatea: Lucas de Berroan kokatuta dagoen eraikina zaharberritzeko diru partida eskatzen du EH Bilduk. “Kreditu aldaketan beste udal talde batekin batera eraikin honen inguruko azterketa bat egin zedin partida bat aprobatu genuen. Azterketa hori errealitate bihur dadin zuzenketa sartu dugu: 1.400.000 euro”

– Txenperenea: SPI eta EAJrekin batera adostutako proiektua errealitate bihurtu dadin aurkeztu dute zuzenketa hau: 270.000 euro + 1.000.000 euro 2020 eta 2021ean”.

– Ekonomia sozial eraldatzailea: Ekonomiak berebiziko garrantzia du herri guztietan. “Irunen, ideiak agortu direla ematen du, eta hirugarren sektorera bideratzen dira ahalegin guztiak. Gure zuzenketekin adierazi nahi dugu herritik bertatik proiektu interesgarri eta anitzak egin daitezkeela, beste gauzen artean, 1. Sektorea balioan jartzeko eta enplegu gehiago sortzeko. Horietako batzuk sustatzeko aurkeztu ditugu zuzenketa pakete hau: bertako produktuak sustatzeko, koop fabrika eta agroalde bat egiteko: 182.000 euro”.

– Energia: “Autosufizientziarako neurriak ezartzeko sartu dugu zuzenketa bat. Irungo EH Bilduren eskakizun historikoak direla esan behar da. Alde batetik auditoria energetikoa eta bestetik, energia plana. Gai honek monografiko bat eskatzen du eta laster kontatuko dizuegu: 60.000 euro”.

– Auzo elkarteak: auzo elkarteei ematen zaizkien diru laguntzak igotzeko zuzenketa aurkeztu du EH Bilduk: 30.000 euro.

– Berdintsauna: Irungo emakumeen historia ezagutarazteko proiektua, emakumeon mapa; eta ahalduntze eskolak: 22.000 euro.

– Euskara: Kuadrillategi proiektua sendotzeko, hau da, eskolaz kanpo euskara aisialdi giroan sustatzeko programa berpizteko zuzenketa sartu dute. “Horrez gain, Olentzeroren etorrera zein jaietako egitarauan euskarak garrantzi handia izan dezan sartu ditugu bi zuzenketa: 80.000 euro”.

– Memoria historikoa: “Gure taldearen ekimenez, lan bat hasi zen udal honetan, baina oso modu traketsean eramaten ari da aurrera. Hasi fomento baten bidez, gero hiru hilabeteetako kontratazio bat, ondoren hiru hilabetez eten zuten lana, orain beste fomento bat… Irungo EH Bildutik hauek ez direla lan egiteko moduak salatu nahi dugu, eta pertsona baten kontratazioa lanaldiaren %50ean eskatu dugu: 22.000 euro”.

– Artxiboa eta CBA: “Migrazio digitala egiteko partida bat sartu dugu. Badira euskarri batzuk denborarekin izorratzen direnak, eta ezinbestekoa da disketeetan, CDetan, DVDetan dagoen materiala euskarri digital berrietara pasatzea behin betiko gal ez daitezen. Horretaz gain, konsziente gara CBAko aulkiak maiz puskatzen direla oso kalitate txarrekoak direlako. Bertara doazenek esaten digute gero eta aulki gutxiago dagoela ikasteko. Egoera lotsagarri honi aurre egiteko aurkeztu dugu zuzenketa bat: 35.000 euro”.

Guztira 2.471.000 euro.

– Reggae kontzertuak: “Aldatzeko zuzenketa bat sartu dugu, kontzertuetarako dedikatzen den diru partida Irunen hain baztertuta duten musika kultura honi dedikatzeko: 50.000 euro”.

– Kentzeko zuzenketak: Aipatutako zuzenketei aurre egiteko, behar beharrezkoa da kentzeko zuzenketa batzuk aurkeztea aurrekontua orekatu ahal izateko. Hori dela eta honako hauek aurkeztu ditu EH Bilduk euren urgentzia txikia baita, koalizioaren iritziz:

  • Cipriano Larrañaga-Zabaltza enparantzako errepidea eta Arbesko erresidentzia berriko errepidea: guztira 48.000 euro.
  • San Juan eremuko udal eraikina egiteko partida: 1.200.000 euro.
  • “Konpromiso kredituetan VPOren sustapenerako agertzen den partida kentzea proposatzen dugu. Hau ondo azaldu nahi dugu. Diru hau 2019an bertan etxebizitza arloan guk proposatzen ditugun proiektuetara bideratzea eskatzen dugu: 1.400.000 euro (Lucas de Berroa…)”.
  • “Asfaltatzeko kanpainetarako aurreikusita dagoen partidari 225.000 euro kentzea eskatzen dugu. Partida hori 150.000 eurotan geratuko zelarik. Urtean zehar diru gehiago beharko balitz kreditu aldaketarekin etorriko denarekin aurre egitea ondo ikusiko genuke”.

Kentzeko 2.873.000 euro.

“Beraz, erantsitakoa eta kendutakoa alderatuz, 402.000 euroko margena dugu oraindik, eta hemendik plenora arte ez dugu beste zuzenketa batzuk sartzea deskartatzen. Dena den, esan dugun bezala, gainontzeko oposizioko taldeekin hitz egiten ari gara aurkeztutako guztiak onartuak izan daitezen”.

Ondorioak

“EH Bildutik garbia bezain sinplea den gauza bat esan nahi dugu: gure herriak aurrekontuak behar ditu. Eta aurrekonturik gabe pasatzen den egun bakoitza egun galdua da. Egun galdua diogu, dagoen dirua herritarrengan inbertitu ezin delako. Eta hau gertatzen da udal gobernua ausartzen ez delako dauden aurrekontu proiektu desberdinak mahai gainean jartzera udalbatzan eztabaidatuak izan daitezen. Noiz eraman behar du udal gobernuak plenora aurrekontuen zirriborroa? Konbentzituta gaude udal gobernuak ez diola eztabaidari aurre egin nahi. Ematen du ez duela udalbatzaren aniztasuna onartu nahi. Udal taldeok egindako zuzenketek aurrekontua hobetu egiten dute, eta hauek onartuz gero aurrekontu hobeak izango zirelakoan gaude. Berriz ere eskatzen diogu udal gobernuari erantzutea ea aurrekontuaren zirriborroa plenora eramango duen edo bere ahultasun politikoan eta paralisian murgilduta jarraituko duen. Zenbaki borobiletan, gure zuzenketek %3a suposatzen dute, beraz, kantitate onargarri eta logikoa delakoan gaude. Azkenik, gure zuzenketak onartuko balira, gure oraingo ezezko bozka aldatzea baloratuko genuke”, bukatu dute esaten.