Irungo Udala. / Martin Tellechea

Amaitu berria den ikasturte honetan, aurrekoetan bezala, Elkarrizketariak (A1-A2 mailak) egitasmoa izan dugu martxan Irunen, euskara praktikatu nahi duten hiritarrentzat.

“Elkarrizketariak euskaraz mintzatzeko gunea da, aukera ematen duena, kasu berean dagoen jendearekin bat eginik eta maila horretara egokitzen dituen mintza saio eta tailerrak bideratzen dituen talde batek gidatuta”, adierazi du Monica Martinez ordezkariak.

Hilean bi saio egiten dira, hamabostean behin, ostiraletan, eta mintza saioak nahiz tailerrak antolatzen dira, euskararen munduan hasiera-hasieratik euskaraz aritzeko aukera izateko. Askorentzat, lagun euskaldunak egiteko modua ere bada, taldetik kanpo ere euskaraz bizitzeko aukera zabaltzen dute. Adin guztietako jendea biltzen da taldeetan.

Ekintza hauen harira, egitasmoen barruan, euskaraz gain, euskal kulturari ere erreparatzen zaio. 2017-2018 ikasturte honetan, 15 saio izan dira; altxorraren jokua, gabonak eta inauteriak Euskal Herrian, lanbideak, euskal kantak eta dantzak, gazteak eta atzerria, euskal zinematografia, kirolak eta abar… eta nola ez, ikasturte amaierako afaria.

Datorren ikasturtean ere, urria aldera, zabalduko da izena emateko epea. Informazio gehiago Irungo Udaleko Euskara arloaren atarian: www.irun.org/euskara.