Ane Unanue (e), Joxe Cayetano Diez eta Jokin Melida. / Irungo EH Bildu

Hilabete honen hasieran, urriaren 4ean, Irungo Udalbatzak energia zerbitzu berdea abian jartzeko beharrezkoa den ikerketa egiteko partida txertatu zuen kreditu aldaketan Irungo EH Bilduren ekimenez. Ekimena, baina, ez zen berria izan, Jokin Melida (Irungo EH Bilduko bozeramailea), Ane Unanue (zinegotzia) eta Joxe Cayetano Diezek (koalizioko kide eta zinegotzi ohia) goizean eman duten prentsaurreakoan nabarmendu dutenez. Hala, urteetan «anketa serio eta sakona» egin dutela nabarmendu du Unanuek: “2011-2015 legegintzaldian gaia mahai gainean jarri genuen, 2015 hauteskundeetako herri programan energiaren zerbitzu berdea sortzea jaso genuen eta urte horretako aurrekontuetan gaia txertatzen saiatu ginen”.

Energiaren zerbitzu berdearekin Irun “puntakoak diren herrien mailara hurbildu nahi du” koalizio abertzaleak. Joxe Cayetano Diezek azaldu duenez, “Europan jada 400 udal inguruk badute zerbitzu hau”. Diezek ekimenaren garrantzia nabermendu du: “Energia eta zerbitzua, horiek dira klabeak; zerbitzuren eginkizuna irundarron ongizatea hobetzea funtsezko helburua eduki behar duelako”.

Diezen azalpenaren arabera, zerbitzu horrek Irunen egin beharreko trantsizio energetikoaren lidergoa eraman behar du. Hala, lau helburu aipatu ditu koalizio abertzaleko kideak: “Egungo gure energia kontsumoa murriztea, energia berriztagarri eta garbien erabileraren aldeko apustu publiko sendoa egitea, hiritar askoren kalteberatasuna eta pobrezia (energetikoa, kasu honetan) murriztea, kohesio soziala hobetuz; eta laugarrena, Irungo ekonomia bultzatzea, energia berriztagarriei loturiko ekipo, ondasun eta zerbitzuko enpresa berrien sorrera ahalbideratuko delako”.

Azkenik, koalizioak “sakon landutako” proposamen metodologikoa udal gobernuarekin partekatu nahi duela zehaztu du Diezek: “Ez da zaila izango akordioetara iristea benetako Irungo eredu energetikoa aldatzeko lidergoa hartu nahi baldin bada, eta denok ulertzen badugu klima aldaketarena arazoa izanda, gure herriaren onurako aukera bihurtu dezakegula”.