Hainbat objektu konfiskatu zituzten eta bi marihuana-plantazio desegin zituzten. / Ertzaintza

Ertzaintzako eta Polizia Nazionaleko agenteek Andaluziako Autonomia Erkidegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean droga-trafiko sistematikoan aritzen zen talde kriminal bat desegin dute Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin batera egindako operazio bateratu batean. Guztira zortzi pertsona atxilotu dituzte, eta beste hiru polizia-eginbideetan ikertzen ari dira.

Polizia-ikerketari urte hasieran ekin zioten, eta urriaren 18an lortu zituen lehenengo emaitzak, taldearen burua eta antolakundean inplikatutako emakume bat atxilotu zituztenean. Bi pertsona horiek Ertzaintzaren Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Zerbitzuak arrastatu zituen, Esku Hartzeko Unitatearen laguntzaz, bakoitza bere autoan Irunen AP-8ko ordainlekura sartzera zihoazela, marihuana zama bat zutela. Arratsalde horretan bertan hirugarren pertsona bat atxilotu zuten Irunen bertan.

Bestalde, Polizia Nazionaleko eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziako agenteek penintsularen hegoaldean jarraitu zuten operatiboarekin, eta beste bi pertsona atxilotu zituzten Malagan, Marbellan. Beste bi pertsona Sevillako Villaverde del Río herrian atxilotu zituzten. Horrez gainera, 34 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Villabonan, Gipuzkoan, talde kriminalari drogaren garraioan laguntzeagatik. Jarduketa horren ondorioz espetxean sartzeko agindua eman zuten.

Atxiloketa guztiak urriaren 18tik 20ra bitartean egin zituzten. Arrastatuak 20 urtetik 60 urtera bitarteko sei gizon eta bi emakume dira.

Bidaia bakoitzean auto lanzaderak erabiltzen zituzten

Atxilotuetako bost Gipuzkoatik Malagako, Cadizeko eta Huelvako probintzietara joan ziren urte hasieran, eta bertan kokatu ziren aldi baterako delitu-jarduera garatu ahal izateko.

Andaluziatik aldian behin bidaiatzen zuten Euskadira, gero bertan eta mugaz beste aldeko hainbat herritan, batez ere, Angelun eta Baionan, banatzen zuten marihuana garraiatzera. Desplazamenduak egiteko ibilgailu-konboiak antolatzen zituzten, eta horietako bat garraiorako erabiltzen zuten eta gainerakoak, kasu guztietan, lanzadera moduan, bidea irekitzeko eta poliziaren ustezko presentzia saihestu ahal izateko.

Azkena atxilotu dituzten bi gizonak, biak ere Sevillakoak eta Sevillan bizi direnak, arduratzen ziren, hainbat hornitzaileren bidez, gero garraiatuko zuten substantzia sorgorgarriaren erosketa kudeatzeaz.

Bi marihuana-plantazio Villaverde del Rio herrian

Guztira bost miaketa egin zituzten Irunen, Marbellan eta Villaverde del Rion, eta hainbat objektu konfiskatu zituzten eta bi marihuana-plantazio desegin zituzten. Bestalde, delitu-jardueran erabiltzen zituzten hiru auto eta bi furgoneta ere konfiskatu zituzten. Horrez gainera, taldeak erosita zuen eta Cadizen, Algeciraseko portuan, lotuta zegoen zazpi metroko luzerako aisiako ontzi bat eta talde kriminalak Galizian eraikitako uretako motorraren prototipo bat ere atzeman zituzten. Biak droga Marokotik Espainiako lurraldera, Gibraltarreko itsasartetik, garraiatzeko ziren.

Bestalde, Frantziako agintariek Baionako bi hiritar, 31 urteko gizon bat eta 28 urteko emakume bat, atxilotu zituzten. Bi pertsona horiek marihuana erosten zioten desegin duten talde kriminalari gero Frantzian zehar saltzeko. Gizona espetxean sartu zuten jatorrizko herrian agintari judizialaren esku jarri ondoren.

Espainian atxilotutako zortzi pertsonak agintari judizialaren aurrera eraman ondoren, epaileak horietako hiru espetxean sartzeko agindua eman zuen, eta gainerako atxilotuak aske geratu ziren karguak egotzita eta kautelazko neurri ezberdinak ezarrita. Horrela, Irungo ordainlekuan arrastatutako emakumeari 10.000 euroko fidantza ezarri zioten espetxea saihesteko.