Eskifaiaren hiru abesbatzen kontzertua

Ostiralean izango da Portuko Elizan

0
1212

Ostiralean, 19:30etan, Portuko Elizan, Eskifaia Abesbatzaren ohiko Gabonetako kontzertua egongo da. Taldean dauden hiru abesbatzek hainbat gabon kanta eskainiko dituzte.

Eskifaia Txiki haur abesbatza hasiko da. Iñigo Salaberriak zuzendutako 22 gazteen taldeak lau pieza abestuko ditu. Hala, azken hileotan Hendaian, Irunen eta Hondarribiko Mendelun eskainitako kontzertuen jarraipena egingo du. Xatz Eskifaia ahots zurien abesbatzak jarraituko du. Amaia Aldalurrek zuzenduta, gehienbat euskarazko gabon kantak entzungo dira. Azkenik, Eskifaia Abesbatzak, bakarrik oraingoan, Gorka Aierberen zuzendaritzapean hainbat gabon kanta eskainiko dizkie bertaratzen direnei. Duela gutxi zendu den Lurdes Zubeldiari omenalditxoa egin nahi zaio eta Javier Bustok zuzendutako bi pieza abestuko dira, Lurdes Zubeldia delarik letren egilea.

Amaitzeko hiru abesbatzek batera abestuko dute. Hala, Hondarribiko Eskifaia Abesbatzak aurtengo denboraldiari amaiera emango dio. Halere, abenduaren 24ean goizez Kantu Berri On ekimenarekin jarraituko da. Bertan, abesbatzako hainbat kidek parte hartzen du eta interesa duen edonori irekita dago.