Hirigune Historikoko Erreginaren Baluartean izango da kontzertua. / Hondarribiko Udala

Hondarribia Eskifaia Abesbatzak datorren uztailaren 28an, larunbata, udako ohiko gaueko kontzertua eskainiko du. Bertan erakundeko hiru abesbatzetatik bik hartuko dute parte, izan ere haurren abesbatza oporretan dago.

Lehenengo zatian ahots zurien Xatz Eskifaiak hartuko du parte, eta bigarrena Eskifaia abesbatza mistoaren kontura joango da. Kontzertua Hirigune Historikoko Erreginaren Baluartean izango da, 22:00etan.

Xatz Eskifaiak, Amaia Aldalur zuzendari duela, emango dio hasiera kontzertuari, eta programa arin eta askotarikoa eskainiko digu. Esther Barandiaranek lagunduko du, pianoarekin. Gainera Mikel Emezabal klarinetistaren laguntza izango du. Bigarren zatian Eskifaia Abesbatzak, Gorka Aierbe zuzendari duela, emanaldi berezia eskainiko du. Pianoan Iñaki Gezala Varelaren laguntza izango du.