Kanpainaren kartela. / Hondarribiko Udala

Uztailaren 8an, beste urte batez, esklerosi anizkoitzagatik “Busti Zaitez-Mójate” kanpaina ospatuko da Hondarribian. Gizartea sentsibilizatzeko eta dirua lortzeko kanpaina hau Gipuzkoako beste 15 puntutan ere burutzen da.

Esklerosi Anizkoitza Fundazioak, Ademgi-ren laguntzarekin, antolatutako jardunaldi solidario honen helburua, gizartea sentsibilizatu eta gaixotasun neurologiko honek sortzen dituen arazoez informatzeaz gain, Ademgi-k 2007ko maiatzean ireki zuen esklerosi anizkoitza eta beste gaixotasun neurologikoen zentroan gaixotasuna duten pertsonei eskaintzen dien birgaitze zerbitzua finantzatzeko dirua lortzea da.

“Busti Zaitez-Mójate”, bai Euskadin eta baita Estatu mailan ere dagoen esklerosi anizkoitzaren aldeko kanpainarik garrantzitsuena da eta urtero milaka euskal herritarrek parte hartzen dute.

Esklerosi anizkoitzaren alde lagundu edo kanpainan parte hartu nahi dutenek, uztailaren 8an, Elkartearen stand-era hurbildu daitezela gaixotasunari buruzko informazioa jaso edo salmentan dauden “Katuki Saguyaki” produktuak erostera. Hondartzan EAgatik sinbolikoki igeri egin daiteke. Parte hartzen duten guztiei igeri egindako metro kopuruen ziurtagiri bat eman zaie. Jardunaldiaren metro guztiak batuko dira, batez ere gazteei eragiten dien gaixotasun sendaezin hau duten pertsonei elkartasuna adierazteko ekintza sinboliko batean. Eguraldi ona egiten badu stand-a hondartzan jarriko da (itsas pasealekuan) eta txarra eginez gero San Pedro kalean (Marinan).

Kanpaina hau Hondarribian garatu ahal izateko udalaren eta eskualdeko bolondresen laguntza ezinbestekoa da.