Larunbatean, 20:00etan, ikuskizun berezia izango dugu Itsas Etxean. / Hondarribiko Udala

Larunbatean, 20:00etan, ikuskizun berezia izango dugu Itsas Etxean. “Eta… zer gehiago?”. Aurkezpena gaur egin da auditoriumean bertan, eta han izan dira, Txomin Sagarzazu alkatea, Andoni Egaña eta German Ormazabal, protagonistetako bi. Sarrerak 6 eurotan saltzen dira ohiko bideetatik, 3 eurotan 18 urtetik beherakoentzat.

Txomin Sagarzazu Alkateak eskerrak eman dizkie “Hondarribira etortzeagatik berritasun honekin. Haseratik argi izan dugu Itsas Etxea Auditoriumak euskal kulturaren sorkuntza eta hedapenean laguntzeko balio behar zuela, eta emaitza onak izaten ari garela uste dut”.

Xabier Lizaso eta German Ormazabal piano-jotzaileek eta Andoni Egaña bertsolariak bat egin dute bizitzaren bidegurutzeetan hartzen diren bideei buruz musikaren, hitzaren eta bertsoen bidez gogoeta egiteko. Hamazazpi-hemezortzi urterekin Xabier Lizasok eta German Ormazabalek ere izan zuten erabaki behar hori.

“Bi pianojole eta bertsolari/idazle bat elkartu gara proiektu berri honi ekiteko. Lehendik elkarrekin lan eginak ginen baina inoiz ez bi piano aldi berean oholtzan direla. Emanaldiaren lehen berezitasuna horretan datza: bi pianojole elkarrekin joaz oholtzan. Bi pianoetan joko ditugun obrek badute berezko pisu eta esanahia”, esan du German Ormazabalek.

“Baina istorio bat kontatzeko baliatzea egokia izan zitekeela pentsatu genuen. Eta istorio hori hitzez eta bertsoz kontatuko da”, gehitu du Andoni Egañak. “Partikularretik abiatutako istorioa da baina unibertsalerako bidea aisa egiten duena. Hamazazpi-hemezortzi urterekin askok eta askok erabaki beharreko bidegurutze bat izaten dugu aurrean. Ikasten segi edo ez. Eta ikasten segitzekotan ze bide hartu”.

“Hamazazpi-hemezortzi urterekin Xabier Lizasok eta German Ormazabalek ere izan zuten erabaki behar hori. Eta eskolan ikasketa-arduradunak zer ikasi behar zuten galdetu zietenean biek erantzun bera eman zuten: pianoa. Orduan, eskolan, etxean, kalean… pianoa ikasi behar zenuela esaten bazenuen hurrengo galdera segurua izaten zen: “Eta… zer gehiago?”, amaitu du Egañak.