Arma Plazan ireki da erakusketa. / Hondarribiko Udala

Arma Plaza eraikineko bigarren solairuan aurkeztu da “J3: Euskal Herriko ehorzketarik zaharrena” izeneko erakusketa. Hilaren 25erarte irekita egongo den erakusketaren irekiera ekitaldian, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea, Carlos Olaetxea Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaria, Álvaro Arrizabalaga Gordailuko zuzendaria, Mari José Iriarte arkeologoa, Juantxo Agirre Aranzadi Zientzia Elkarteko ordezkaria eta Goio Uriarte Hondarribiko Udaleko Kultur teknikaria izan dira.

Txomin Sagarzazu alkateak eskerrak eman dizkio “Aranzadi Zientzia Elkarteari ikuspegi zientifikoa kontutan hartuta gizarteratze lan bikaina egiteagatik. Maila handiko erakusketa dugu Hondarribian, J3 izeneko aztarnategi arkeologikoan aurkitutako materialak, Hondarribiko Udalak bultzatutako eta Aranzadi Zientzia Elkarteak koordinatutako erakusketan orain dela 8000 urteko bidai bat egitea proposatzen da”. Erakusketan parte hartu dute ere Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa, Luberri Museoa, Jaizkibel Amaharri eta Euskal Herriko Unibertsitatea.

Aurkikuntza liluragarri baten historia

Euskal kostaldea, bereziki Hondarribitik Pasaiara Jaizkibeletik barrena doan itsasertza, azken gizarte ehiztari-biltzaileen habitat garrantzitsuenetako batean bihurtu zen orain dela 10.000 urte. 1985ean Juan San Martínek bazekien Jaizkibel geografikoki oso leku interesgarria zela edozein arkeologorentzat, eta bere interesa Historiaurretik mendian emandako artzainen transhumantzian zetzan, trikuharriek adierazten duten bezala.

Jaizkibelen zale nekaezin honek alderik alde ikuskatu zuen mendia, lurralde honetan Historiaurretik egondako okupazioaren aztarnak topatuz aldi berean. Horietako bat J-3 aterpea izan zen, non 2003an, Mari José Iriartek eta Álvaro Arrizabalagak 2001etik aurrera eramaten ari diren prospekzio eta zundaketa egitasmoaren barruan, Euskal Herriko ehorzketarik zaharrena topatu zen. Baina, zer informazio ematen digu aurkikuntza honek?

Euskal Herriko ehorzketarik zaharrena

J-3an aurrera eramandako esku-hartze arkeologikoaren barruan, pertsona baten hezurduraren zati bat aurkitu zen, 30-40 urteko gizonezkoa eta metro eta erdi inguruko garaiera zuena. Aurkikuntza honen daturik nabarmenena da fetu-jarreran dagoen ehorzketa bat dela eta aldi berean gizaki baten hobiratze zaharrena Euskal Herrian, duela 8.000 urte baino gehiagokoa eta Mesolitoaren garaira atxikita dagoena.

Gizaki hau jarrita zegoen moduan ikus daiteke taldeko beste kideen aldetik hileta-jarrera zegoela, gorpua hobiratu baino lehen prestatua izan baitzen. Gorpuaren deskonposaketarekin batera gertatzen ohi den gorputz-adarren zatikatzeak ez zuen fetu-jarreran berreskuratzerik ahalbidetuko (besoak, hankak eta gorputz-enborraren tartean), 8.000 urtetan zehar iraun duen bezala, jarrera horretan lotu izan ez balute. Oskolez inguratutako gizaki bat, ziur asko garai hartan jandakoak.

Mesolitoa: garai korapilatsua

Gizaki honen hondakinei egindako diziplina anitzeko azterketek erakutsi dute bere jan-edanean kostaldetik distantzia batera arrantzatutako arrainek emandako nutrizio-ekarpen handia zuela. Informazio honek baieztatzen du azken gizarte ehiztari-biltzaile hauek ez zituztela baliabideak Jaizkibel mendian soilik lortzen, baizik eta itsasoko baliagaiak ere ustiatzen zituztela (lapak, muskuiluak, txirlak, lanpernak, trikuak, etab.) baita kostaldetik urrunduz ere, muxar handien familiako arrain arrastoek adierazten duten bezala

Aztarnategi hau aipagarria da Mesolito garaiko Jaizkibeleko biztanleek nitxo desberdinak ustiatu zituztela erakusten duelako, itsaskiak biltzeko itsasbazterrak miatuz, basurdeak ehiztatuz, itsasoan arrantzatuz, orduraino praktika berria zenak gizakiaren moldakortasuna erakusten du biziraupena borrokan.

Mesolitoan Euskal Herrian bizi ziren gizarteek animalia ertain eta txikiak ehizatu, itsas-baliabideak ustiatu eta basafruituak biltzen zituzten. Talde txikietan banatzen ziren eremu murriztu batean mugituz, inguruan zituzten baliabide guztiak aprobetxatuz, bereziki kostaldekoak. J-3 aztarnategian aurkitu diren harrizko materialak eguneroko bizimoduaren erakusgarri dira; horiekin batera zulatutako oskolak bezalako materialek sinbologiaren mundua islatzen dute. Gainera, zeramika zatiak aurkitu dira, nekazaritza eta abeltzaintzaren lehen zantzuak adierazten dituztenak, Euskal Herrian Mesolitoaren amaiera markatzen dutenak.

Gizakiaren analisi biomolekurrak

J3 aztarnategian aurkitu diren giza aztarnen analisis biomolekularrak itsaskinetan oinarritutako dieta jarraitzen zuela baieztatu dute. Analisiek erreferentziazko karbono 12 eta nitrogeno 15 isotopoen baloreak alderatzen ditu. Honela, gizaki honen elikadura atlantiar Kostaldeko beste maskortegietan agertu diren giza aztarnen oso antzekoa da.

Testuinguru fisikoa: J-3 aterpea

Jaizkibel mendia gizakia Paleolitotik ibilitako eremua da. J-3 hareharrizko harri-aterpea da, haizearen indarrez eta jalkin urratzailez osatutakoa. Eragile garrantzitsua da hau, jalkinaren izaera garratzagatik aztarna arkeologikoen iraupenean eragiten baitu, organikoetan batik bat. Aztarnategiak kokapen berezi bat menderatzen du, urte osoan zehar ur-laster gozo bat duen bailara txiki baten azken tartean. Baina J-3 bere oskolengatik bereizten da eta hauek erabakigarriak izango dira historia honetan.

Duela milaka urte, Goi Pleistozenoan eta Holozenoaren hasieran gizarteak ehiztari-biltzaileak ziren, eta Jaizkibelek mota guztietako baliabideak (lehorrekoak eta itsasokoak) eskaintzen zituen biziraupenerako. Leku honen jazoera aipagarrienetako bat itsas hondakinen metaketa da (oskolak nagusiki), aterpe honen aurreko erabiltzaileek jandakoak. Zeinek esango luke gure arbasoek jandako oskol guzti hauek egungo arkeologoen lana erraztuko zutenik?