Euskal Herriko Gazte Orkestraren kontzertua

Lau egunetako birak orkestra Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Hondarribira eramango du

0
1451

Azken urteetako uztaileko agendan errepikatuz, hilaren 18an Euskal Herriko Gazte Orkestrak kontzertu berezi bat eskainiko du Hondarribian. Itsas Etxean gozatu ahal izango den emanaldia 20:00etan hasiko da, eta gero hiru euskal hiriburuetara eramango duen bira hasiko du. Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Hondarribian eskainiko ditu kontzertuak EGOk.

Sarrerak 12 eurotan saltzen dira www.kutxabank.com gunean, Arma Plazan eta Itsas Etxean astelehenean kontzertua hasi baina bi ordu aurretik. 18 urtetik beherakoentzat sarrerak 5 eurotan saltzen dira.

Birako musika programari dagokionez, uda honetako EGOren proposamena bere historian izandako osatuenetakoa izango da, bertan Nikolay Rimsky Korsakov-en “Scheherezade” eta Leonard Bernsteinen “West Side Story” interpretatuko baitira, Juan José Ocón-en zuzendaritzapean.

Dagoeneko hogei urte igaro dira 1997tik Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazioa sortu zenetik. Datu hauek orkestraren jarduna adierazten dute: musika sinfoniko eta ganbera-musikako 150 kontzertu baino gehiago eskaini ditu, nazioarteko biretan dozena-erdi herrialde bisitatu ditu, 120.000 ikus-entzule baino gehiago izan ditu eta 1.200 ikasle baino gehiago izan ditu 20 urte hauetan zehar.

Euskal Herriko Gazte Orkestrak baliabidea izan nahi du euskal gazte instrumentistek orkestra formazioa jasotzeko. Helburua orkestra-prestakuntza ona ematea eta instrumentista gazteen alderdi artistikoa eta giza esparrua sustatzeko egitura sendoa izatea da, eta aldi berean zubi izatea, maila artistiko handiko zubia, mundu profesionalera iristeko.