Erosketa guztiak %10eko beherapenarekin egingo dira. / Hondarribiko Udala

Ostegunetik hasi eta datorren iganderarte, Hondarribiko XXIII. Euskal Liburu eta Diska Azoka zabalik egongo da Arrantzale Auzoan. Euskadiko Liburu Azoken Batzordeak antolatuta eta udaleko Euskara Zerbitzuak lagunduta, Neguko Jardunaldien barnean kokatzen da azoka.

Aurkezpen ekitaldia Zuloaga Etxea udal liburutegian egin da, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea, Karmelo Goikoetxea Euskara teknikaria, Asier Muniategi, batzordeko azoken kanpainaren koordinatzailea eta Jesús Mari Mujika, Erein argitaletxeko presidentea izan direlarik.

“Erein argitaletxea saritu nahi izan dugu 40 urte betetzen dituelako eta euskal literatura eta kulturaren alde egindako lan bikainarengatik”, esan du Txomin Sagarzazuk. “Ereinek eta gainontzeko argitaletxeek, liburudendek, liburutegiek eta eragile guztiek egiten duten lana ezinbestekoa da, eta denek bide bera jarraitu behar dugu lanean”.

Jesús Mari Mujikak eskerrak eman dizkio “bihotzez Hondarribiko Udalari, Erein osatzen dugun guztion izenean ezagupen honengatik. Argi dugu euskara galtzen bada, ez dagoela Euskal Herririk, eta liburu eta literaturarik gabe, ez dagoela euskararik. Horregatik hasi ginen duela 40 urte, eta hala jarraitzen dugu. Udalek azokak antolatzen egiten duten lana zentzu horretan doa”.

Asier Muniategik eman ditu azokaren xehetasun gehiago. “Durangon ikus ahal izan diren eskaintza nagusienekin, azoka egunero irekiko da 11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 20:00tara, eta aukera haundia aurki daiteke euskal literatura eta diskagintzan. Erosketa guztiak %10eko beherapenarekin egingo dira”.

Azokan aurki daitezken autore batzuk hauek dira: Fermín Etxegoien, Bernardo Atxaga, Aingeru Epaltza, Fito Rodríguez, Joanmari Irigoien, Juan Luis Landa, Jon Arretxe, Toti Martínez de Lezea… Diskei dagokienez, hor egongo dira Ken Zazpi, Gatibu, Mikel Urdangarín, Ruper Ordorika, Erramun Martikorena, Benito Lertxundi…