Epea azaroak 15 arte zabalik dago Javier Ugarte kalean dagoen BAZen. / Hondarribiko Udala

Irekita dago BAZen Hondarribiko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen duen Euskal Txiste Grafikoen Lehiaketara aurkezteko epea.

Hiru maila izango ditu lehiaketak: A: Batxilergoko 1. edo 2. mailan ari direnentzat edo 16 urtez gorakoentzat, B Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1., 2., 3.eta 4. mailan ari direnentzat eta D Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailan ari direnentzat.

Gaia eta teknikak libreak izango dira, baina lan bakoitzak bineta bat bakarrik izan beharko du, eta ezinbestekoa da bokadiloaren erabilera. Narrazioaren bidezko txisterik ez da onartuko. Hala ere, testua ezinbestekoa da, eta euskarazkoa beharko du izan. Neurriei dagokionez, A eta B mailatan DIN A-3 orria erabili beharko da, eta D mailan DIN A-4a.

Lan bakoitzak bere izenburua edukiko du, eta lanarekin batera gutunazal itxi bat aurkeztuko da. Gutunazalaren gainean lanaren izenburua eta zein mailatan parte hartuko duen idatzi beharko da. Barruan, aldiz, egilearen izen-abizenak, helbidea eta telefonoa. Nortasun agiriaren kopia ere erantsi beharko du parte hartzaileak, baldin badu.

Informazio gehiago nahi duenak, euskara@hondarribia.eus helbidera idatzi dezake.