Euskara arloko ordezkaria den Monica Martinez. / Irungo Udala

Irungo Udalak, Euskara Arloaren bidez, Merezi duelako! ¡Por lo que más quieres! proiektua abiarazi zuen 2009an, euskararen familiarteko transmisioa sustatzeko. Bada, ekimen horren esparruan, Familia Ola programa sortu da: 2 urtetik 8 urtera bitartean dituzten haurren familientzako jarduera sorta bat.

Euskarako ordezkaria den Monica Martinezek azaldu duenez, “azken urteotan gauzatu izan da ekimen hau, euskararen familiarteko erabilera sustatzeko. Izan ere, hizkuntzaren familiarteko transmisioa bultzatzen lagundu nahi dugu, eta, bereziki, pixkana-pixkana etxeko komunikazio esparru formal zein naturalak berreskuratzen, geletatik haratago, erabilera txikiagoa baita familiartean”.

Horretarako, familia euskaldunentzako eta hizkuntza ondo jakin ez baina euskararen erabilera sustatu nahi dutenentzako aisialdiko jarduera antolatu dira, besteak beste, sukaldaritza tailerrak, eskulanak, irtenaldiak eta abar. Ildo horretatik, Euskara Arloak otsailerako programatutako proposamenak iragarri ditu:

– Yoga: Otsailaren 11n eta 13an, 17:30etik 19:00etara bitartean
– Sukaldaritza tailerra: Otsailaren 18an eta 20an, 17:30etik 19:00etara bitartean
– Tolosako Erraldoien Etxea: Otsailaren 29an, ordu eta erdiko irteera Tolosara, erraldoi eta buruhandien konpartsa ezagunak nola lan egiten duen ikusteko

Inskripzioa doakoa da, eta udal webgunean (www.irun.org helbidean) eman daiteke izena, otsailaren 7ko 14:00etara bitartean. Baieztatzeko dago non egingo diren jarduerak, baina aldez aurretik jakinaraziko zaie interesdunei.